Igogailu berri bat izango du Beasainek bost hilabetean

Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi kalea lotuko ditu, irisgarritasuna hobetuz

03.03.2021 | 00:36
Nafarroa Etorbidetik begiratuta, irudian eskubiko eskilaretan kokatuko da igogailu berria. Argazkia: N.G.

beasain – Udalerri askoren orografia dela eta, aldapak eguneroko ogia dira herritarrentzat. Horrek, nola ez, zailtasunak ekartzen ditu joan-etorriak egiterakoan, are gehiago nolabaiteko mugimendu arazo edo mugak dituzten pertsonentzat.

Ez da lehen aldia Beasainek halako egoerak sahiesteko neurriak har-tzen dituela, herriko zenbait gune estrategikotan igogailuak eraikiz. Bide horretan, Udalak jakinarazi berri du otsaileko Gobernu Batzordeak "ontzat" eman duela Nafarroa Etorbidea eta Oriamendi kalea lortuko dituen igogailua eraikitzeko enpresaren kontratazioa, eta beraz, laster hasiko dira bertan lan horiek.

"Igogailuaren eraikuntzarekin Nafarroa etorbidea eta Oriamendi lotuko dira baina honekin batera Foru eta Nekolalde kaleetara iristeko aurretik dauden igogailuei gehituko zaie, ardatz irisgarri berri bat sortuz", azaldu dute Udaletik. Horrela, Nafarroa etorbidetik goiko kaleetaraino dagoen ibilbidea "mugikortasun urriko pertsonen zerbitzura" geratuko dela gaineratuz.

Ez dira aldaketa hauek bakarrik izango obra honek ekarriko dituenak, izan ere, Nafarroa etorbideko mailan "plazatxo bat" sortuko dela ere aurreratu dute: "eskilaren diseinu berriari esker eta kota desberdinetan aurkitzen diren lokal komer-tzialen irisgarritasuna bermatuko du azpiegitura berriak, dendari eta bezeroen mesederako".

Bestalde, Aranealde adinekoen egoitza Urbi-etxeko beheko solairura leku-aldatuko da, eta igogailu berri honen sorrerak erretiratuen egoitzara modu errazagoan iristea ahalbidetuko du.

242.624 euro Igogailu berri hau eraiki eta bi kaleen arteko eremua berurbanizatzeko lanen esleipenean, kontratazio mahaiaren arabera, Otegui Gaztañaga enpresak aurkeztutako proposamena izan da puntuaketa gehien jaso duena eta, hala, esleipen prezioa 242.624,16 euroko izan da. Hauek izango dira, beraz, lana egiteaz arduratuko direnak.

Nafarroa etorbidea eta Oriamendi arteko eremuaren berurbanizazio lanak eta igogailuaren eraikuntzak bost hilabeteko epean burutuko direla aurreikusten da, eta epeak betetzen badira, Aste Santuaren ondorenerako eginda izango da.

noticias de noticiasdegipuzkoa