Idiazabal | Axari dantza taldearen 40 urteak, erakusketan

Idiazabaldarrek asteburuan argazki bilduma eta taldeko objektu eta jantziez osatutako lagina ikusi dute

15.02.2021 | 01:31
'Axari 40 urte' erakusketa. Arg: N.G.

idiazabal – Ez da urte erraza urteurrenak ospatzeko. Izan ere, ohiko ekitaldiak goitik behera aldatu eta egungo egoerara moldatu behar dute antolatzaileek. Baina zer ospatua dagoen heinean bilatzen da nola egin.

Idiazabalgo Axari dantza taldeak estreinatu berri dugun urte honetan 40 urte betetzen ditu, eta nolabait ospatu nahi izan dute urtemuga. Aurtengo San Blas herriko jaiak ere bertan behera gelditu dira, eta ohikoa den moduan, ez da herrian jairik izaten dantzarik gabe, edo dantzarik jairik gabe. Edozein ekitaldi dela ere, han izaten dira dan-tza taldekoak onena emateko asmoz.

Berrogei urteko ibilbidea ospa-tzeko gogoz, erakusketa berezi bat izan dute herritarrek ikusgai udaletxeko areto nagusian asteburu osoan zehar. Hain zuzen ere, jan-tziez eta argazkiz osatutako erakusketa izan da, ostiralean hasi eta atzora arte ikusgai egon dena idiazabaldarrentzat.

1980ko otsailean egin zuen jendaurrean lehenengo emanaldia Axari Dantza Taldeak, eta ez du etenik izan ordutik. Erakusketan ibilbideari errepaso egin die argazki eta jantzi bidez; garai bateko laginak elkartu, eta halako konparaketa bat egiteko balio izan du bi egunez irekita egon den erakusketa honek.

Jose Mari Telleriak eta Lake Oiarbidek, orain gutxira arte Beasainen Fotoetxe denda zutenak, egin dituzte argazki guztiak eta Idiazabal inguruan ateratakoak dira horiek. Horregatik, elkarlanean ondu duten ekin-tza izan da hau, Idiazabalgo Udalaren babesarekin.

Halakoetan beti egiten da atzera begira, hasierako pausoak nolakoak izan ziren ekartzen dira gogora. Horregatik, inaugurazio ekitaldian agurra dantzatu zuten bi dantzarik eta gonbidatu berezia ere izan zuten: Naxario Telleria. Axariren hasierako urteetan haren laguntza jaso zuten, eta oraingo honetan ere, haren txistuaren laguntza izan zuten.