Larunbateko azoka bereziari eutsiko dio Beasaingo Udalak

13.30ean egingo dute bi saskiren zozketa, eta horrekin batera Igartza Jauregirako bi sarrera ere banatuko dira

05.02.2021 | 00:26
Beasaingo azoka. Argazkia: M.A.

beasain – Gaurko egunez hil zuten Loinazko San Martin misiolari beasaindarra eta haren omenez jai eguna dute beasaindarrek. Gaurko ekitaldirik antolatu ez bada ere, bihar izango dute ekintza berezia. Hilabeteko lehen asteburuan egiten den moduan, biharkoan ere azoka berezia egingo da bertan.

Garaian garaikoa kontsumitzeko helburuari eutsiko zaio beste behin, eta neguko produktu ugari izango dituzte salgai baserritarrek. Besteak beste, honako elikagaiak erosteko aukera izango da bertan: aza, bruselaza, azalorea, azelga, eskarola, eta askorentzat hain ezaguna ez den Daikon arbia.

Daikon arbia edo errefau zuria (Raphanus sativus) japoniar jatorriko sustrai tipiko bat da, Asiako ekialdeko sukaldean zein elikadura makrobiotikoan sarri erabiltzen dena.

Azenario zuri baten itxura du eta hainbat abantaila ditu jarraikortasun batekin kontsumitzeak, izan ere, gehiegizko pisua, gizentasuna, diabetesa, azido uriko eta kolesterol gehiegi dagoenean eta digestioa hobetzeko gomendatzen da, behazun-jarioa indartzen baitu.

igartzako sarrerak Sasoi honetako barazkiez gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen diren herritarrek bertako produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta.

Biharko azoka bereziaren egitaraua hau izango da: goizeko? 10.00etan zabalduko da, eta 13.30ean egingo da azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa. Hemen azokan erosketak egin dituztenek parte hartu ahalko dute. Horrez gain, eta berrikuntza modura, saski bakoitzarekin batera Igartza bisita-tzeko bi sarrera ere emango dira. itxiera eguerdiko 14.00etan emango zaio, ohiko moduan.

Bertako ekoizleak sustatzeko bide hau zabaldu zuen Udal Gobernuak orain bost urte pasatxo, eta harrera ona duen ekintza da.