- Udalak abian jarritako kultur ekimenaren baitan, bihar arratsaldean Kea ahots taldeak emanaldia eskainiko du Lazkaoko Beneditarren Fundazioan.

Arratsaldeko 19.00etan hasiko da ikuskizuna eta Estatu mailako abesbatzen artean erreferen-tziazko ganbera-abesbatzetako baten saioaz gozatzeko aukera izango da. Enrique Azurza da bertako zuzendaria eta hamahiru abeslarik osatzen dute Euskal Herriko ahots ensemble hau.

Nazioartean ere ezagunak bihurtu dira, hainbat errekonozimendu lortuz, hala nola, 2011 urtean Argentinan egin zen abesbatzen 9. Sinposiorako hautatutako 25 abesbatzetako bat izan zen. Horrez gain, Jesus Mª Sagarna, Enrique Vazquez, David Azurza, Marcos Castan eta Aurelio Edlerren lanak estreinatu dituzte lehenengo aldiz. Beraz, puntako mailako kontzertua izango da biharko egunean eskainiko dena, ingurune paregabean.

Udalak jakinarazi duenez, edukiera mugatua izango du eta horregatik gonbidapenak Udaletxean jaso beharko dira.

Bestalde, bi film emankizun egongo dira asteburu honetan Areria aretoan. Hasteko, haur zineari dagokionez, Los Croods: una nueva era pelikula proiektatuko da gaur arratsaldean eta bihar ere bai, bi kasuetan, 16.45ean hasiz. Helduen zinean, aldiz, El año que dejamos de jugar filma egongo da ikusgai gaur, bihar eta astelehenean. Hiru egunetan ordutegi berean eskainiko da filma, 19.00etan. Sarrerak www.lazkao.eus-en eskuratu daitezke aurrez, eta hala gomendatzen dute antolatzaileek; bizi dugun egoera dela eta, ahalik eta ondoen antolatu ahal izateko saio guztiak, beharrezko neurriak hartuz, eta segurtasuna bermatuz unero. Gogoratu, ezingo dela zinema aretoan ez jan eta ez edan, filmak irauten duen bitartean.