- Joan den azaroaren 25aren bueltan antolatu zen Goierrin indarkeria matxistarik ez! sormen lehiaketa, lehenengo aldiz eskualdean. Beasain, Legorreta, Ordizia eta Zaldibiako berdintasun sailek bultzatutako ekimena izan bada ere, edozein herritarrei irekitako ekintza izan da, bakoitzak nahi zuen moduan azalduz matxismoaren gaia.

Hala, lehen edizio honetan Beasaingo Andramendi ikastolakoak izan dira lehen postua eskuratu dutenak, Goierri ere indarkeria matxistaren aurka lanarekin. Bigarrena izan da Lazkaoko Naiara Mujika, Atzera begirada lanarekin, eta hirugarrena ere Andramendikoentzat izan da, Gu edo ondoko bizilaguna proiektuarekin.

200, 150 eta 100 euroko bonoak jaso dituzte, hurrenez hurren, Goierriko komertzio txikietan gastatu ahal izateko. Horiez gain, herri sustatzaile bakoitzeko lan bat ere nabarmendu da, eta horiek 50 euroko bonoa jaso dute.