Hain zuzen ere, Miñaripe izeneko lehia-jolasa Segurako Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara elkarteak hainbat urtetan antolatu izan duen jolasa da. "Ekimen hau herriko ohitura zaharrak, ia desagertzear dauden bertako hitzak, herriko elementu ezberdinak; izan iturriak, ateak edo bestelako txokoak, eta bestelako hainbat bitxikeria ezagutzeko modu bat da", nabarmendu dute elkartetik. Euskara hutsean egiten da, izan ere, horixe bera ere helburu dute, euskaraz jolastuz ongi pasatzea.

Antzarraren jokoaren antzeko funtzionamendua du Seguran oinarritutako mahai-jolas honek. Taulak herriaren forma du, eta ibilbideko laukietan bost hauetako froga bat egin beharko du jokalariak, toka-tzen zaion kolorearen arabera. Kolore bakoitzeko hirurogeita hamar txartelen bidez, Seguraren argazkia islatuz, istorien eta historiaren lekukotza jolas bihurtuta.

Miñaripe hitzak, "min-haririk gabe" esan nahi du. Min-haria, bada, mingain azpian dugun lotunea da zehazki, eta zenbaitetan eta zenbaitentzako, gainera, hitz egiterakoan traba izaten da, besteak beste, r soinua egiteko zailtasunak sortuz. Era berean, beraz, miñaripe hizketan ari denak, trabarik gabe, suelto, hitz egiten duela esan liteke.

Euskal Telebistako Mihiluze saioan oinarritutako aurrez aurreko Miñaripe lehia-jolasak, oraingoz 5 edizio izan dituela nabarmendu dute euskara elkartekoek. "2014an antolatu genuen lehen Miñaripe jolasa, Botikaxaharren, eta bakoitzean adin ezberdinekoek parte hartu dute, belaunaldi ezberdinetako segurarrek elkarrekin euskaraz une atsegin bat pasatzeko aukera izanez, zehaztu dute.