- Hain zuzen ere, eskualdean egoera zaurgarrian duten pertsonei lan merkatuan integratzeko aukera eskainiko die Ehunkide ehungintza tailer inklusiboak, jostearen bidez. Bi urteko lanaren ostean sortu da taldea Goierrin. Goieki, Goierriko Garapen Agentziak, Sarea eta Caritas fundazioek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean garatu duten egitasmoa da hau.

Zaldibian kokatu dute gunea. Goiekik Elbarrena auzoan zuen pabilioi bat berritu behar izan da horretarako. Gainera, josteko beharrezko elementuz hornitu dute: fun-tzio desberdinak egiten dituzten 17 makina jarri dira. Gainera, josteko erabili behar diren oihalak Legorretako Eredu kooperatibak eman ditu, eta modu horretan behar ez dituzten oihalak aprobetxatu egingo dira, era berean, Goierrin ekonomia zirkularra kontzeptua zabaltzeko balioko du.

Urtebete atzera egin behar da proiektu honen oinarria ezagutzeko. 2019an ehungintzako titulu profesionala lortzeko ikastaro bat antolatu zen, eta bertan hamabost emakumek izena eman zuten beraien orduko lan egoera hobetzeko asmoz. Horietatik hamaikak lortu zuten kurtsoa gainditzea, honen ondoren ehungintzari lotutako enpresetan praktikak egin zituzten. Gainditu zuten horietatik lau agertu ziren proiektu berritzaile batean murgiltzeko prest, eta hala sortu da Ehunkide. Laurak Marisol Merino jostun ofizialaren laguntza jasotzen dute, lanbideaz gehiago ikasteko. Hala, egunero bost orduko lanaldiari aurre egiten die, oraingoz, "gauza xumeak" sortuz, besteak beste, erosketak egiteko poltsak, nezeserrak eta diru zorroak. Horretarako ikastaroa jaso dute, merkatu errealean nola lan egin erakusteko eta euren produktu propioak gara-tzen hasteko jakintza eskuratuko dute hala.

Iker Galparsoro, Goiekiko zuzendariak azaldu zuenez: "ehungintzako enpresentzat josiko dute proiektuan parte hartzeko pausoa eman dutenek. Produktuen berrerabilgarritasuna ere bada guretzako lan lerro garrantzitsu bat: hondakinak lehengai bihurtuz balioa eman behar zaie. Gure aldertik, bideragarritasuna ematen saiatuko gara, baina merkatuak markatuko ditu arauak".

Emakumeak eta etorkinak dira laurak, langabeziaren ohiko ispilua, eta egitasmo berritzaile honen bidez lan munduan aukerak izatea espero dute, haien egoera ekonomikoa hobetuz eta bide batez, lan duin batek ematen balioa eskuratuz.

Lau emakume etorkinek hasi dute egitasmoa, eta ehungintzako enpresentzat josiko dute Zaldibian kokatutako gunean