- Erosi Beasainen lelopean, Beasaingo Udalak eta Bareak, Beasaingo merkatari elkarteak, elkarlanean abiatu dute sentsibilizazio kanpaina berria, garai zail hauetan herriko kontsumoaren alde egiteko bultzada emango dutenak.

Sentsibilizazio kanpainaz haratago, baina, Udalak herritarrei pizgarriak eman nahi dizkie Beasainek dituen saltokietan erosketak egiteko, eta hala, egitasmo honekin bat egin duten establezimenduetan gastatzeko deskontu txartel berriak sortu dituzte. Denda horiek haien erakusleihoetan bereizgarria dute jarrita, begirada hutsez identifikatu ahal izateko eta erosleak jakin dezan bertan erosi dezakeela deskontu bonoa, eta erabili ere bai.

Oraingoan 7.500 bono jarri ditu Udalak martxan, eta aurreko tandan egin moduan, 30 euroren truke 50 gastatu ahal izango dira, Udalak 20 euro jarriko ditu bono bakoitzean. Guztira 150.000 euroko diru lagun-tza zuzenduko du bonoen kanpaina honetara, eta abenduaren 31a bitartean erabili beharko dira.

Metodo hau oso eraginkorra izaten ari da, izan ere, lehen bono banaketan ia 120.000 euro jarri zituen, eta horiek 300.000 euroko gastua eragin zuten herriko merkataritzan. Kasu horretan, baina, itxialdian ezin zabalduta egon ziren komertzioetan gastatzeko prestatu ziren, eta oraingo kanpaina honetan guztiei eman zaie aukera hori.

Gainera, azaroaren amaiera bitartean, elkartea osatzen duten denda eta saltokietako bezeroen artean 10 euroko 20 erosketa txeke zozketatuko dituzte egiten diren erosketa guztien artean.

Beasaingo Goierrin biztanle gehien dituen herria da, eta bertako komer-tzioak indar handia du. Eskaintza ere zabala da, hain zuzen ere, eta kasu askotan inguruko herri txikietako biztanleak ere gerturatzen dira erosketak eta bestelakoak bertan egitera.

"Gure herriko denda eta saltokietan erostea oso garrantzitsua da, horrek mantentzen du herria bizirik", agertu du Leire Artola, Beasaingo merkataritza arduradunak eta alkate ordeak.

Helburua bertakoaren kontsumoaren alde egitea da, eta horretan aspalditik jarri du indarra Udal Gobernuak. Urtean zehar ekimen ugari abian jartzeaz gain, beti babesa azaldu dio sektoreari eta ahal izaten duten guztietan egin zaie herritarrei gonbita herrian eta herritarrei erosteko.

Ekonomiko esanguratsua da herrian deskontu txartelen egitasmoa. Lehen tandan 300.000 euroko ekarpena eragin zuten bonoek