- Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoa Urakek 500.000 euroko inbertsioa egingo dute saneamendu sare berezia sortzeko Mutiloa eta Zerainen artean dagoen Errekalde auzoan.

Eraikitzen ari den sare berriak Laiotz-Lasustegi eta Errekalde guneetatik (Zerain) hamabi etxebizitza gunetako hondakin urak bilduko ditu, eta Zerain errekarekiko paralelo joango da, Murgiondo, Ugarteko eta Zelaialde eremuetako baserrietatik datorren emaria erantsiz, Mutiloan dagoen sarearekin bat egin arte. Ondoren, Legorretako Gaikao araztegiraino eramango dira, bertan tratatuak izateko helburuarekin.

Helburu argia du inbertsio honek: bertako baserrietan hobi septikoak erabiltzea saihestu eta errekara zuzenean isurtzen diren hondakin-urak ekiditea. Horrez gain, inguruko erreketako eta ibaietako uraren kalitatea eta uretako ekosistemak hobe-tzea ekarriko du.

Obran 1.200 metro ur beltzen kolektore berria egitea aurreikusten da, eta 800 metro gehiago, inguruko baserriekin lotzeko zenbait adarretan. Egindako sarearen ezaugarriak 30 erregistro-putzu dituela jakinarazi dute, gehienak "hormigoizko elementu aurrefabrikatuen bidez eginak".

Jose Ignacio Asensio, atzo arte Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, eta Enrique Ramos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako zuzendariak, egiten ari diren lanak bisitatzeko aukera izan zuten joan den astean, eta egungo egoera zein den ezagutzekoa ere bai. Asensiok hala nabarmendu zuen: "Gure departamentuaren helburu nagusia da ur hornidurako sistemen bermeak indartzea eta hondakin uren saneamendua osatzea. Egindako inbertsio materialari eta giza inbertsioari esker, gure ibaien osasuna eta gure etxeetako uraren kalitatea gainerako erkidegoena baino askoz handiagoa da".

Lanek ia milioi erdiko kostua izango dute, eta Aldundiaren eta Gipuzkoako Uraken artean ordainduko dira. Bestalde, hainbat hilabeteko iraupena dute, izan ere, uztailean hasi ziren eta aurtengo urte amaierarako, abendurako, amaitzea espero da.