- Zuberoa kale azpian kokatuta dauden hamairu aparkalekuren kontzesioa edo emakida jarri du abian Ordiziako Udalak. Interesa dutenek eskaera azaroaren 24a baino lehen egin beharko dute Udaleko Arreta Bulegoan. Hala ere, lehentasuna izango dute 2018ko emakidatik sortu zen itxaron-zerrendako pertsonek, eta horiekin dagoeneko harremanetan jartzen hasi da Udala.

Aparkaleku hauek Zuberoa kaleko bidearen -1 eta -2 sotoko solairuetan daude kokatuta; guztiak -2 solairuan bat izan ezik, eta jabetza publikoko eta Udal titulartasunekoak dira hamahiruak. Hau da, Udalak 50 urteko iraupena izango duen emakidak abiatu ditu, baina ez dira eroslearen jabetza osokoak izango. Kontratua sina-tzen den egunetik hasiko da zenbatzen, eta emakidaren epe hori luzaezina denez, epe hori amaituta, Ordiziako Udalari itzuliko zaio ondasuna.

Prezioari dagokionez, guztiak bera izango dute eta 13.222 euro gehi dagozkion zergak izango dira. Urteko kanona 15,18 eurokoa da, zeina KPIaren arabera egunera-tzen joango den, Udalak jakinarazi duenez. Guztiak aparkaleku itxiak izango dira, gainera.

Eskaintza publikoaren deialdia egiten den eguna baino lehenago Ordiziako udalerrian erroldatuta dauden pertsona fisikoak izango dute eskaera egiteko aukera, eta baita Ordiziako salerosketa lokaletan jarduera profesionalak, komertzialak, industrialak, merkataritzakoak eta an-tzekoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak. Bi kasuetan beharrezko agiriak aurkeztu beharko dira Udalean.

Erabilerari dagokionez, emakidadunek ezin izango dituzte aparkalekuak utzi, zergapetu, besterendu edo alokatu, eta ibilgailuak aparka-tzeko soilik erabiliko dira.