- Urriaren lehenetik, Ordiziako D'elikatuz zentroan Ordiziako irakaskuntzari errepaso egiten dion erakusketa dago jarrita. Erakusketa honen bidez, Ordizian XIX mende amaieratik orain arte egon diren eta dauden ikastetxe desberdinak gogora ekarri nahi izan dira; hasiera batean, asko Kongregazio erlijiosoen eskutan zeudenak (Maristak, karmelitak, La Salle, Milagrosa...) baina baita ere Estatuaren mende zeuden ikastetxe publikoak, ikastolak, eta lantegietatik sortutako eskolak, hala nola, CAFen eskutik.

Asteburura begira, ordiziarrentzat zuzendutako bisita gidatuak antolatu dituzte, ekimenari amaiera emateko asmoz. Hala, larunbat eta igandean izango dira, bi egunetan 10.30 eta 12.00tan hasiko dira bisitak. Interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute eta horretarako bi aukera izango dituzte: D'elikatuz zentrora joatea eta bertan izena ematea, edo 943 88 22 90 telefonora deitzea. Gehienez ere bost pertsonaz osatutako taldeak antolatuko dira, segurtasun neurriak bete ahal izateko eta guztiek erakusketaz lasaitasunez gozatu ahal izateko.

Begirada horri esker ikasle, irakasle, eta ikastokien argazkiak ikusteko aukera dago, eta baita ikasturte amaieran ikastetxe guztiek elkarrekin egiten zituzten jaien irudiak ere. Azken finean, lanketa honi esker hezkuntza prozesuaren atzean dagoen ondare material nahiz inmateriala balioan jartzen da.

Argazkiez gain, Donostian bizi den Mari Tere Martinez artista ordiziarrak egindako kongregazio ezberdinen irudi edo panpinak eta Lenbur Fundazioak utzitako aspaldiko ikasmahai eta arbel bat ere ikusgai daude.