- Larunbat honetan Beasaingo Loinaz San Martingo plaza azpian kokatutako gunean azoka berezia egingo da. Kasu honetan, eta garai honetan, odolkia izango da protagonista nagusi orain dela ia bost urte hasitako egitasmoan. Izatez, odolki lehiaketa eta dastaketa egitekoa bazen ere, ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak, baina txoko berezia izango du produktu ezagunak. Hala, Olano harategiak egindako odolki ezagunak erosteko aukera izango da, postua jarriko baitute beasaindarrek. Lehiaketako azken edizioetan beraiek izan dira irabazle, jaun eta jabe, eta ekoizpen honen "errege" bihurtu dira urte askotako lan onaren emaitza moduan, herritarren begirunea ere lortuz.

Ohiko moduan, goizeko 10.00etan zabalduko da azoka. Odolkiaz gain, eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak eta gazta erosteko aukera izango dute beasaindarrek eta ondoko herrietatik erosketak egitera gerturatzen direnek. Gainera, azokaren aldeko apustua egiten dutenek eta bertan zerbait erosi, errezeta liburuskak eta erosketa poltsak banatuko zaizkie. 14.00ak arte egongo da zabalik.