- Pandemiak bultzatuta, Idiazabalgo Udalak Oinezkoen egunak ekimena jarri zen martxan, oinezkoei lehentasuna emateko helburuz eta bertan dauden tabernek leku gehiago izan dezaten terrazak jarri ahal izateko. Azken asteburua izango da, baina, ekimen hau martxan izango dena. Hala ere, parte-hartze prozesua egin da herritarrekin, eta bertan ikusi da idiazabaldarrek “azterketa sakonagoa” eskatzen dutela gaiaren inguruan.

Ostiraletan 17.00etan hasi eta igande gaueko 23.00ak bitartean, Ubitarte etxetik okindegi parera arteko Kale Nagusiko zatian bi errailetako trafikoa itxita mantendu da. 237 inkesta egin dira guztira, hiru faktore kontuan hartuz: bizilekua (goiko/beheko auzoa/landa eremua) adina eta generoa.

Parte-hartzaileen artean iritzi nagusia izan da lehen zegoen egoerara itzultzea edo denbora guztian erabat oinezkoentzat izatea “ez direla aproposak eta erdi bideko alternatiba bilatzea dela egokia”, zehaztu dute ikerketaren arduradunek.

Alternatiben artean, asteburuetan ixtea ondo ikusten dela agertu dute, baina bide alternatiboek ere bere garrantzia dutela; izan ere, orain arte martxan egon diren beste aukerek “hutsuneak” dituztela ikusten baita.

Hain zuzen ere, parte hartu duten herritarrek azaldu dituzten deserosotasunen artean honakoak daude: bide alternatibo eskasa, autobidea erabili behar izatea, semaforoa edota garajeetatik nora atera behar duten behar bezala ez ikustea. Hain zuzen, autobusaren erabileraren inguruko azterketa eta Zigor kaletik igerileku atzetik elizara jaisteko bide alternatiboa aztertzea eskatzen da.

Orokorrean, begi onez ikusi da ekimena eta tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzen duela: %75ek zazpi puntutik gorako balorazioa eman dio. Erdiak baino gehiagok uste du ekimen “onuragarria” dela.