- Eusko Jaurlaritzak igande iluntzean ateratako dekretu berriaren arabera, gunearen edukieraren %50eko kopurua ezingo da gainditu, eta, nolanahi ere, erabiltzaileen artean 1,5 metroko distantzia egon beharko da. Hortaz, aurtengo ia egun guztietan bezalaxe, Santu Guztien Egunean ere pandemiak eragina izango du.

Asko izango dira, hala ere, egun horretan hildakoak dauden lekura joateko intentzioa dutenak, eta horregatik bai Lazkaon eta baita Beasainen ere autobus zerbitzua eskainiko dute. Bi udalerrietan herrigunetik kanpo kokatzen dira hilerriak eta, bertara gehienak ibilgailu bidez gerturatzen dira.

Hala, Beasainmendiko udal hilerrira joateko hainbat herritarrek izan dezaketen zailtasuna kontutan hartuta garraio zerbitzua jarriko du martxan, Gurutze Gorriaren laguntzarekin batera. Gainera, jakinarazi dutenez zerbitzua indartu beharko balitz, hala egingo dute, egun horretan nahi duten herritarrak igotzeko aukera izan dezaten.

Geltokia, Barrendain plazan kokatua egongo da (Adif-en geltokia) eta ordutegia honako hau izango da. Hilerrira igotzeko: 10.00, 11.00, 12.00, 13.00 eta 14.00. Jaisteko, berriz, ordu hauetan eskainiko da zerbitzua: 10.30, 11.30, 12.30, 13.30 eta 14.30ean.

Lazkaon, bestalde, goiz eta arratsaldez jarriko dute autobusa. Egunean zehar, guztira, 15 zerbitzu izango dira, 7 joateko eta 8 itzultzeko. Herrigunetik irteerak San Migel parrokiatik abiatuko dira, eta bueltakoak hilerriaren sarreratik. Goizez, 10.00, 11.00, 12.00 eta 12.45etan (azken honetan meza amaitu ostean abiatuko da mikrobusa), eta 15.45, 16.45 eta 17.45ean. Hilerritik Lazkaora itzultzeko, 10.45, 11.45, 12.30, 13.00, 14.00, 16.15, 17.15 eta 18.15ean eskainiko da doako zerbitzua. Jakina, musukoa erabili beharko da uneoro.