- Oso gutxi dira egoera honetan egiten ari diren mendi eta kirol probak, eta horietako bat igande honetan egingo den Ordiziako mendi maratoi erdia izango da. Hain zuzen ere, 200 korrikalarik parte hartuko dute: izen ematea hasi bezain laster bete zen, eta segurtasuna medio ezingo du pertsona gehiagok parte hartu.

Larraitzetik abiatuko da ibilbidea, handik Alotzara joan, Igaratzara iritsi, eta berriz ere buelta. Guztira, 20,5 kilometroko ibilbidea antolatu da, eta 1.250 metroko gorabeherak izango ditu.

Egungo egoera dela eta, irteeran parte-hartzaileak banatuta aterako dira, taldeka: 30 korrikalariz osatutakoak izango dira. Beraz, lehenengo amaitzen duenak proba ez du zertan irabazlea izan, ez delako kontuan hartuko nor iristen den lehenengo, denborak baizik.

"Ez da ibilbide oso teknikoa, agian lehen zatian kontuzago ibili beharko da, eguraldia dela eta harri batzuk solte egon daitezkeelako, eta lokatza ere egon daitekeelako", azaldu du Odilo Rivela antolakuntzako kideak.

1968ko ekainean Juanito Rubioren eta Jose Ignacio Eskitxabelen arteko apustu bat izan zen lasterketa honen hasiera eragin zuena eta urteak pasata ere, eutsi egin diote.

"Oso pozik nago ikusteaz oraindik ere mendi lasterketa honek bere horretan jarraitzen duelako. Hasiera batean izena emateko asmoa nuen, baina gauza batzuk albo batera uzten hasi behar naiz eta azkenean ez dut parte hartuko. Hala ere, mendian ibiltzen gara", zehaztu du Rubiok. "Korrikan ibiltzen denari gustatuko zaio ibilbidea, larre zabalak daude eta", gaineratu du.

Neurri bereziak izango ditu mendi maratoi erdiak. Korrikalari bakoitzak bere musuko propioa eraman beharko du eta lasterketa hasi ondoren kendu ahalko du eta gorde. Lasterketa bukatzerakoan berriz ere jarri beharko du, eta anoa postuetan ere hala eraman beharko du. Proba hasi baino lehen tenperatura hartuko da, eta 37 gradutik gora ematen dutenek ezingo dute parte hartu. Gainera, derrigorrezkoa izango da korrikalari bakoitzak mauka luzeko xira eramatea eta sari banaketa ez da modu publikoan egingo.