- Idiazabalek Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa hartuko du igande honetan. Urteroko legez, aurrez Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketatan gailendu diren hamar sailkatuak lehiatuko dira Idiazabalen, guztira, beraz, 40 izango dira 37. edizioaren txapelketan parte hartuko duten gaztak.

Ohiko egoeran herrian festa giroa nagusituko zen, eta plaza hartuko zuten lekukotzat. Aurten, baina, egoerak hala behartuta Igarondo pilotalekuan egingo dute ekitaldia, murriztutako aforoarekin, gainera. Lehiaketa 10.30ean hasiko bada ere, publikoak 12.00etatik aurrera izango du aukera frontoira sar-tzeko. Bien bitartean, streaming bidez ikusi ahal izango da Idiazabalgo Udalaren, Artzai Gaztaren eta Goierri Telebistaren webguneen bidez. Hala, txapelketa nahi duen orok jarraitzeko aukera izango du.

Artzai Gaztaren barnean egon eta latxa ardi esne gordinarekin egindako gaztarik onena hautatzeko epaimahaia ere zehaztuta dago. Guztira lau mahietan banatuta egongo dira adituak: bakoitzean gaztagile aditu bat, artzain bat eta Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko dastatzaile ofizial bat egongo dira.

Txapelketaz gain, gazta salmentarako postua ere jarriko dute zenbaitek, azken finean, feria ez bada ere egingo bere horretan, artzainek aukera izan dezaten gaztak saltzeko. Hala nabarmendu du Ar-tzai Gazta elkarteak: "Sektoreari laguntzearren erabaki dugu lehiaketa antolatzea. Aurten ezin izan dira ohiko azoka eta merkatu asko egin eta horrek gure artzainen zuzeneko salmentetan eragin zuzena izan du".

Gazta txapelketa garrantzitsu honekin batera egiten da Baserritar Eguna Idiazabalen, lehen sektoreari bultzada emateko asmoz. Aurten, baina ez da halakorik egingo.