- Igande honetan, Gabiriako Elizan, Valentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876 - Iruñea, 1970) konpositore eta musikariak sortutako piezak entzuteko kontzertua eskainiko dute iluntzeko 19.00ean. Emanaldia doakoa izanagatik, sarrera eta irteerak kontrolatu egingo dira, higiene eta segurtasun neurriak mantenduz.

Familiak Larrearen sorkuntzak berreskuratzeko egitasmoari ekin zion iazko urtean, eta pianorako eta harizko orkestrarako konposatu zuen obra izango da entzungai igandean. Iaz Gipuzkoako bi lekutan izan zen obraren zati bat entzungai: Irun?ean eta Zarautzen, azken honetan bi kon-tzertu izan ziren. Gauzak horrela, baina, 50 urtean lehenengo aukera izango da Larrearen musika konposizio horiek zuzenean entzuteko.

“Familiarentzat, gure aitona Valentin Larrea Iturberen obra ezezaguna zen, ez genuen sekula entzun”, onartu du Elena Berazadi Larrea, konpositorearen bilobak. Bazekiten aitona “oso musikari ona” zela, eta baita sari asko jasoa eta haren garaian ospetsu eta txalotua izan zela. “Barkaezina iruditzen zitzaigun, eta buru-belarri sartu ginen proiektu honetan iazko otsailean”, gehitu du Berazadik.

Oier Oiarbide, Gabiriako alkateak, familiaren lana eskertu nahi izan du: “altxor bat ikusarazi digute, Gabirian jende askok ezagutzen ez zuen Valentin Larrea eta bere musika”. Horregatik, Udalak ere bere aldetik Larreak egindako lan guztia eskertzeko asmoarekin 18.15ak aldera, kontzertua hasi baino lehen, Valentin Larrea jaio zen Ostatu etxeko horman plaka-oroigarri bat desestaliko dute.

Larrearen bizitza hertsiki lotua izan da musikari. Aita Elizako organista zen, eta harekin batera hasi zen urratsak ematen Valentin. Ormaiztegin jarraitu zuen ibilbidearekin eta 1893an Madrilgo Musika eta Deklamazio Eskolara bidali zuten. Familiak “oso garbi” omen zeukan mutil hark “balio zuela musikarako”. Iruñeko Nuevo Casino Eslavako piano jotzailea izan zen, eta 1900ean Teresa Auzmendi beasaindarrarekin ezkondu eta Iruñea hartu zuten bizileku.

Piano- jotzailea ez ezik, konposiziorako doaia zuen. “Askotariko obra dauka konposizioan: organorako, txisturako, korala, hari boskoteak eta laukoteak, pianorako... Familiaren proiektua da gutxinaka bere obra guztia ezagutzera”, zehaztu du ilobak. Hain zuzen, Eresbil musika artxiboan gabiriarraren 86 partitura daude gordeak, eta Koldo Mitxelenan beste bat.

Igandean, nagusiki harizko orkestrarako egindako obra aurkeztuko dute, hamahiru piezako errepertorioarekin osatua.