- Ormaiztegiko Gizarte Etxeko tabernan herriko hainbat artisten lanak jartzen dituzte erakusgai, egiten dituzten obrak gizarteari erakusteko asmoz.

Hain zuzen, orain gutxira arte egon da bertan ezarrita Kontxi Simon KS Artpaper artistak sortutako lanen erakusketa, eta harrera ona izan du jendartean. Material berriztagarriekin eginda, Simonek pintura moduko irudi errealistak sortzen ditu, besteak beste, eguraldiari lotutakoak.

Orain, baina, beste ziklo bat zabalduko da eta gizarte etxeko tabernako erakus txokoan aldi baterako erakusketa berria jarriko dute irailaren 28ra bitartean. Kasu honetan, Iñaki Galabide Igala ormaiztegiar artistaren lanak ezagutzeko aukera paregabea izango dela azaldu dute antolatzaileek: "Urteak daramatza Iñakik margolari lanetan. Hasierako urtetan bere kasa ikasi zuen, duela urte batzuk Jokin Telleria beasaindar artistaren ikastaroetan parte-hartzen hasi zen arte".

Bere lanez soilik osatutako lehen erakusketa izango du hau Igalak, eta "oso pozik" agertu da herrian bere artelanak erakusteko aukera izatearekin. Aurrez ere partehartu izan du Telleriaren beste ikasle batzuekin batera antolatutako erakusketetan, baina orduan lan solteak erakusteko aukera izan du eta ez, orain bezala, lan sorta zabal bat.

Tabernako ordutegi berean ikusgai egongo da erakusketa, hau da, abuztuaren 15a arte eta irailaren 1etik aurrera; asteartetik igandera 10.00-13.00 eta 17.00etatik itxiera ordura arte. Astelehenetan, berriz, itxita egongo da, deskantsu eguna baitute. Abuztuaren 15etik 31ra bitartean, baita ere, itxita egongo dira bai taberna eta baita erakusketa ere, izan ere, oporrak hartuko dituzte, irailaren lehena arte.

Ormaiztegiko txoko honek artista ezberdinen lanak ezagutzeko aukera ematen du, eta zabalik dago sarrera edonorentzat. Garrantzitsua izan da hasieratik herritarrei eman zaien babesa, artearen munduari bultzada emanez, eta haiek egiten duten lanei errespetua erakutsiz. Bestalde, Ormaiztegiko liburutegia itxita egongo da datorren irailaren 7a bitartean. Momentuz, irailean arratsaldez irekiko da, eskola ikasturteko ordutegi berean, hau da, 16.00etatik 18.00etara, eta, aldaketarik ezean hitzordua hartuta joan beharko da.