- Ez da lehen aldia Gipuzkoako Foru Aldundiak Zegamako herria igarotzen duen GI-2637 errepidea hobetzeko lanak egiten dituena. Baina oraingo honetan, Udalak eta herritarrek egindako eskariari erantzunez, Kortaberriko biribilgunetik hasi eta Zegamako Ondaraldea industrialdera doan zatia hobetuko dute. Obrak 1.373.673,76 euroan esleitu berri dira, eta jakinarazi duenez sei hilabeteko egikaritze-epea izango dute.

Hobetuko den zatiak zehazki 1,25 kilometroko luzera du, eta Seguratik Zegamarako bidean aurkitzen den azken biribilguneetako batean, Kortaberrikoan hain zuzen, eta Ondaraldeko poligonoaren artean egingo dira berritze lanak. Hala, GI-2637 errepidea bere osotasunean hobetuko da Idiazabalgo N-I errepidearen eta Zegamaren artean. Zorionez, goierritarrek aukera dute bi herri horietan barrena bidegorriaren bidez ere mugitzeko, bidegorri sarearen zabalkuntzaren aldeko apustua egin baitzen.

Errepidez, baina, orain arte leku estua izan da eta zenbait unetan bi auto momentu berean igarotzeko zailtasunak egoten dira. Obra hau bukatzean, ordea, hiru metroko bi erreiko eta 0,50 metroko bazterbideetako errepidea lortuko da, beraz, espazio gehiago egongo da erosotasunez gidatu ahal izateko. Proiektuaren diseinuan, errepidearen egungo plataforma ia osorik aprobetxatzen saiatu direla azaldu dute Aldunditik, "lurren mugimendua eta lurzoruen okupazioa murriztuz".

Obrak egiteko, errei-mozketak ezarri beharko direla ere aurreratu dute eragindako zati osoan zehar, eta trafikoa erregulatu egingo dute.

Astelehenean hasi zituzten lan hauek, beraz, gutzia espero moduan badoa urte amaierarako bukatuta egotea espero dute.