- Beasaingo Udalak udaleku itxiak ere bultzatuko ditu, euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzeko helburuz. Aurtengoan uztailaren 20tik 29ra egingo dira, Otxandion (Bizkaia). Orain arte Nafarroan egin bada ere, aurtengoan Bizkaiara joango dira partaideak. 2007-2011 urteetan jaiotakoentzat antolatuko dira, haur kopurua mugatua izango da eta beasaindarrek lehentasuna izango dute. Interesa dutenek oraindik ere badute horretarako astia, izen ematea ekainaren 30ean amaitzen baita.

Horretarako webgunean dagoen izen-emate orria bete behar da, hori udalekuak@beasain.eus helbidera bidali, eta mezu bat jasoko da izen-ematea ondo egin dela jakinaraziz. Behin betikoa izateko, ordainketa egiteko jarraibideak bidaliko dituzte Udaletik, eta ordainketa egin ostean lortuko da plazan. Prezioak honako hauek dira: seme alaba batentzako 120 euro, bi seme alabarentzat 225 euro, eta hiru seme alabarentzat 300 euro.

Informazio gehiago jasotzeko euskara arloko 943 028 063 telefono zenbakira deitu daiteke edo bestela udalekuak@beasain.eus posta elektronikoan jaso daitezke argibideak.

Haur eta gaztetxoen artean "euskararen erabilera eta ezagutzan eragiteko" antolatu ditu Beasaingo Udalak udaleku itxiak. Egitasmo hau, Udal Gobernuaren legealdi planean helburu nagusien artean dago eta ez-ohiko egoera honek behar dituen osasun eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte parte-hartzaile guztiek.