Goierri Eskolak, Mondragon Unibertsitateak eta IK4-Lortek-ek antolatutako Fabrikazio Aditibo Industrialeko masterreko hamar ikasleek eknologiak eskaintzen dituen abantaila guztiak aprobetxatzeko aukera izan dute . Aurtengo erronka monopatin baten oinarria eta ardatza garatzea izan da fabrikazio aditiboko teknologiak erabiliz.

Masterrean parte hartu duten ikasle gehienek ezagutzen zuten fabrikazio aditiboa, baina "azaleko ezagutza" zutela adierazi du Antonio V. Moreno ikasleak. Ikasturte guztian zehar ikasitako arlo teorikoak praktikan jartzeko erronka patinetearen oinarriak eta ardatzak garatzerakoan iritsi zitzaien. Metalezko eta konpositezko oinarri eta ardatz bana garatu dute ikasleek, binakako taldetan. Ardatzak egin ahal izateko materialik egokiena aukeratu behar izan dute, eta ondoren ardatzak garatzeko prozesua zehaztu.

Patineteak berez dakarren diseinu funtzionala ere garatu eta hobetu behar izan dute ikasleek, eta metalean zein konpositean garatutako ardatzen bideragarritasun azterketa ere egin dute. Ane Calvo ikasleak zehaztu duenez, hainbat neurketa eta kalkulu egin behar izan dituzte irakasleek eskatutako zehaztapenetara egokitu ahal izateko: "Eredu bezala erabili dugun patinetearen ezaugarri mekaniko berdinak izan behar zituen gutxienez, gurpilen arteko kanpoko distantzia mantendu behar genuen, eta guk egindako ardatza, aurreko ardatzak zeuzkan torloju berdinak erabiliz lotu behar genuen".

Lanketa guztia egiteko puntako teknologia erabili dute, geometria optimizatu eta organikoak sortuz prozesu berriek ematen dituzten aukerak aprobetxatuz. "Oso interesgarria izan da, gaur egun oraindik ez baita oso ohikoa halako aplikazioak erabiltzea, ez baitaude erabat garatuta. Konpositearekin egindako lanak ere industriak ematen dituen aukerak aztertuz egin ditugu, eta hori ere oso interesgarria izan da guztiontzako", gehitu du Morenok.

Moreno eta Calvo bat datoz adierazpenekin: "Azken hilabetetan gehiago entzun dugu fabrikazio aditiboa. Koronabirusaren ondorioz, babeserako maskarak edo pantailak fabrikazio aditibo bidez egiten direla ikusi da, eta jendeari ezagunagoa egiten zaio. Baina etxeko 3D inprimagailuekin egin daitekeena fabrikazio aditiboarekin egin daitekeen guztiaren adibide txiki bat da", zehaztu du Calvok. Morenok gehitu duenez, "material aukera ere oso zabala da, baina hori oraindik ez da horren ezaguna. Jendeak uste du fabrikazio aditiboa pieza txikiak egiteko dela egokia, baina ez da horrela".

Aitor Zuriarrain masterreko koordinatzaileak bigarren promozio hau ondo baloratu du: "Aurtengorako proiektua pentsatzen eta aztertzen ari ginela hainbat zalantza izan genituen, baina proiektuen aurkezpenetan izugarrizko maila ona ikusi dugu, eta beste behin ere ikasleek oso ondo erantzun diote erronkari".