- Idiazabaldarren ohitura handienetako bat izan da San Adriango erromeria ospatzea. Ekin-tza hau, ordea, ez da COVID-19az isolatuta gelditu eta Idiazabalgo Udalak jakinarazi duenez, bertan behera geldituko da bihar ospatzekoa zen ekintza hau "alarma egoeraren ondorioz, eta parte-hartzaileen babes neurriak bermatzeko ezintasunaren aurrean".

Hala ere, keinu egin nahi diote horrenbeste urtetan egin den ohiturari eta horregatik, Udal ordezkari-tza bat San Adriana joango da eta ondoren Zegama eta Seguran makila trukea egingo dela jakinarazi dute. Urtero-urtero jendetza elkartu izan da San Adriango kobaren bueltan erromeriaren aitzakian, baina jende pilaketak ekiditea beharrezkoa denez bizi dugun egoera honetan, azkenean ekintza instituzionala izango da eta ez herritarra.

Orain arte, Idiazabaldik Otzaurteraino autobusa jarri izan da eta bertan elkartzen dira parte-hartzaileak. Handik, aski ezaguna den bidea jarraituz San Adriango Kobazuloko ermitaraino oinez joan izan dira, eta bertan meza entzun. Ondoren, berriz ere itzulerako bidea hartu eta Otzaurteraino jaitsi izan dira, Zegamara abiatzeko asmoz. Han, alkate-makilen trukea egiten da ohiturari helduz, eta Seguran ere gauza bera egin izan da. Txistulariek eta dantzariek ere parte hartzen dute beti, goiza alaitzeko asmotan, eta hamaiketakoari hasiera emanez. Idiazabalera itzulita, herritarrei ongi etorria egiten zaie eta herria igarotzen dute, askok makila eskuan dutela. Ospakizunarekin bukatzeko, bazkaria elkarrekin egitea ere ekintza lerroan egoten da, baina aurtengoan bertan behera gelditu dira ekintza guzti hauek eta datorren urtekoaren zain gelditu beharko da.