- Larunbatarekin batera itzuliko da Beasaina hilabeteko lehen asteburuan egiten duten azoka berezia. Duela hiru urte hasi zuen Udalak ekimen hau, hain zuzen ere, bertako baserritarrei eta ekoizleei beste egun batean saltzeko aukera emanez, eta, dudarik gabe, astean zehar egiten den azokara gerturatu ezin direnek aukera hori izan dezaten.

Hala, COVID-19 birusak eragindako pandemiarekin batera bertan behera utzi zen ekintza hau, baina bihar berriz ere egingo dute, hainbat hilabeteren ostean. Itzulera honetan, ilarrak eta kalabazinak izango dira protagonistak eta hurrengo azokan ia udako produktuak eskuratzeko aukera izango da, besteak beste, tomatea. Horrez gain, Loinazko San Martin plazara gerturatzen direnek produktu hauek erosteko aukera ere izango dute: eztia, barazkiak, loreak, txerrikia, haziak, ogia, gozoak, gazta, eta artisautza produktuak.

Larunbat honetan bertako produktuen azoka segurtasun eta babes neurriak hartuta egingo dela jakinarazi dute Udaletik, hala nola, maskararen erabilera, pertsonen arteko distantzia eta higiene arauak bete beharko dira, derrigorrez.

Normalean larunbateko azokan tailer didaktikoa eta trikitilarien musika egoten da, baina kasu honetan hori ez da egingo. Ordutegia, baina, mantendu egingo da eta 10.00-etatik 14.00etara egongo da azoka zabalik. 13.30ean, ohiko moduan, azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da azokan erosketak egindakoen artean.

Bertako produktuak erosteko hautua egiteko deia egiten du Beasaingo Udalak. Herriko eta bertako produktuei babesa eman, baserritarrei lagundu, eta, bide batez, lehen sektoreari garai hauetan keinu egiteko modua da, azkenenan, beste salmenta bide ez dute izaten askotan eta.