Beasaingo Udala merkatari eta ostalariekin bildu da


19.05.2020 | 00:29
Udal ordezkariek merkatariekin izandako bilera. Argazkia: N.G.

beasain –  Beasaingo Udalak merkatari eta ostalariei laguntzeko hainbat neurri hartuko ditu, zerbitzuen sektoreak jasan duen kalteari aurre egiteko asmoz.

Hain zuzen, alarma egoerak eraginda itxita egon direnentzat edo fakturazioan %80ko jaitsiera eduki dutenei zuzenduko dira laguntzak. Batetik, haien zerbitzua etenda ikusi dutenek sei hilabeteko udal zerga eta tasetatik salbuestea izan da proposamena. Terrazen kasuan, sei hilabetez ez zaie kobratuko eta pertsonen arteko distantziak mantentzeko azalera gehiago utziko zaie kobratu gabe, beti ere baimendutako mahai kopurua eta oinezkoen pasabideak errespetatuz. Uraren eta zaborren tasari dagokionez, Ur Kontsortzioarekin eta Sasieta Mankomunitatearekin lanketa egiten ari da Udala. IBIaren kasuan, berriz, ordainketan hobariren bat ezartzea aztergai geratzen da; Foru Aldundiaren eskumena da eta ez badu salbuesten Udalak laguntza emango du.

Establezimenduak irekitzeko baldintzak behartuta eta egoera berrira egokitzeko beharrezkoak diren osasun, higiene eta babes neurrien kostuaren erdia ordaintzeko prest agertu da Udala, gehienez ere establezimendu bakoitzari 500 euroko laguntza emanez eta materialen erosketa Beasainen egitea baldin-tzatuko litzateke.

15.000 bono Herriko merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko bono sistema jarriko da martxan. Udalak bi txandatan egiteko asmoa du, udaberri-uda eta udazkenean, lehen saiakerako emaitza positiboa izaten bada. Guztira 15.000 bono ateratzea da asmoa, 7.500 bono txanda bakoi-tzean. Banaketa merkatari eta tabernari guztien artean egingo litzateke eta erosleak 30 eurorekin 50 euroko gastua egin ahal izango du bono hauei esker, Udalak 20 euroko laguntza jarriko duelako bono bakoitzean. Hau ez da izango egitasmo bakarra gaiari lotuta. Udalak orain artean "bere ardatz eta oinarri estrategikoen artean izan dituen merkataritza eta tokiko ekonomia" indartu eta sustatzeko kanpainak areagotuko dituela ere iragarri dute.

Hortara indarrak bideratuz, Beasainen erosketak egiteko beharrezkoak diren sentsibilizazio kanpainak eta baliabideak erabiliko ditu helburu zehatz batekin: erosketak Beasainen seguru egiteko herritarrak kontzientziatzea, Beasain pizteko asmoz.

Udalak 20 euroko laguntza jarriko du bono bakoitzerako; erosleak 30 euroko gastuarekin 50 gastatu ahalko ditu.