- Herrietako tabernei terrazak jartzeko aukera eman zaie ia herri guztietan, aukerak zabalduz, beti ere, oinezkoentzat ez badira oztopo bihurtzen eta segurtasun indibidual eta kolektiboko neurriak errespetatzen badira.

Idiazabalgo kasuan, bertako ostalarien errealitatea eta herriko fisionomia kontuan hartu dira Oinezkoen egunak egitasmo berri-tzailea abiatzeko. Ostiralean hasi zuten ekimena eta atzora arte luzatu zen. Tabernari guztiek ez dituztenez aukera berdinak terrazak jarri eta segurtasun neurriak mantentzeko, Udalak, kalea suspertzeko asmoarekin, aisialdirako gune segurua eskaini eta aldi berean ostalariei bultzada emateko asmoarekin antolatu du ekimena.

Hala, Kale Nagusia trafikoari itxita egon da, Ubitarte etxetik okindegira bitartean, eta ostalariei terrazak jartzeko aukera eman zaie. Dudarik gabe, ez da askotan ikusten den irudia aipaturikoa, eta idiazabaldarrek herrigunean jarri diren terrazetan lasai eserita egoteko aukera izan dute, ibilgailuen pasoaz arduratu gabe eta Udalak eskatutako distantzia eta higiene arauak zorrotz betez.