- Zein egoera duzue Lazkaon?

-Lazkaon egoera kontrolatua egon da uneoro. Herritarren erantzuna txalotzekoa izan da eta neurriak lehen unetik hartu dira. Osasun etxe, Txindoki Gerontogiko, komertzio eta udal langileek egindako lana ere nabarmentzekoa da. Lehen unetik, herritarrek zein enpresek azaldu ziguten elkartasun olatua benetan hunkigarria izan zen, bakoitzak bere baliabide, ezagutza eta denbora udalari eta herriari eskainiz.

Udaletik zein neurri hartu dituzue?

-Etengabe hartu ditugu neurriak. Egoera ezezaguna zen guretzat, ez genekien birusak ere zer nolako indarrarekin egingo zuen aurrera. Gainerako erakundeekin koordinazioan, uneko azterketa eta beharrei erantzunaz, beharrezko neurriak hartzen joan gara. Hasieratik ezarritako eraikin publikoen eta jarduera oro eteteari jarraiki, egoeraren eboluzioarekin bat, herritarrak babestera bideratutako beste hainbat neurri hartu ditugu: kale eta elementu publikoen garbiketa eta desinfekzioa indartu dugu, batez ere jende gehien dabilen guneetan. Konfinamenduan edo berrogeialdi neurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonei jarraipen telefonikoa gauzatzen dihardugu. Caritasen laguntza ere ezinbestekoa izan da. Horrez gain, herritarrak eta enpresak ekonomikoki babesteko, zerga eta tasen kobrantza eten da, eta orain ekonomia berraktibatze aldera neurri ugari ari gara adosten eragile eta sektoreekin elkarlanean.

Adinekoei begira maskarak banatu dituzue eta harremanetan zaudete telefonoz. Orokorrean, zer moduz daude?

-Lazkaoko Udalak , bi alditan 2.500 maskara banatu ditu dagoeneko 70 urtetik gorako herritarren artean, COVID-19arekiko arrisku handienekotzat jotzen direnak. Ekimen hau sustatu dugu arrisku handieneko herritarren segurtasuna berma-tzeko. Pertsona horiek oinarrizko kudeaketak egitera irteteko maskara bat izan dezaten ziurtatzea da helburua, beren osasuna bermatuz horrela. Gehiago lortzeko tramiteak burutzen gabiltza. Helburua da Lazkaoko udalerrian bizi diren 70 urtetik gorako edota menpekotasuna duten pertsonen eguneroko bizi-tzan behar-beharrezkoak diren oinarrizko zerbitzuei erantzutea, bereziki bakarrik bizi direnei edo familiaren laguntzarik ez dutenei.

Azoka hilabetez geldirik egon da, baina berriz ere abiatzea erabaki duzue. Zergatik aldaketa hori?

-Segurtasuna izan da lehen unetik gure lanaren lehen puntua, herritarrak babestea. Azokan segurtasun neurriak betetzea bermatu dugunean indartsu itzuli da, garbitasun neurri zorrotzekin eta aforoa mugatuta. Baina esan bezala, herritar eta saltzaileen erantzuna bikaina izan da.

Azoka honetan bertako ekoizleen produktuen salmenta indartu eta bultzatu nahi dugu gainera, ekoizleak eta lehen sektorea babestu eta hurbileko produktuen kon-tsumoa sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Horregatik, eta ikusita komertzioak eta ekoizleak pairatzen ari diren egoera, tokiko produktuak eta zerbitzuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratzea beharrezkoa dela uste dugu.

Ezohiko festak izan dira San Prudentzioak, baina lazkaotarrek bat egin dute egitarauarekin.

-Ezohiko festak izan dira bai, baina era berezian bizi izan ditugu eta uste dut bizipen ahaztezin horietako bat izango dela etorkizunean. Udaletik saiatu gara izpiritua mantentzen, etxeko balkoi eta leihoetan bada ere. Ekitaldi ugari antolatu ditugu eta argazki eta bideoen bilduma bat egin, eta ikaragarria izan da herritarren erantzuna. Eskertza hitzak besterik ez ditugu eta espero dugu, epe laburrean, San Prudentzio edota gure herriko jai kuttunak, berriz ere, elkarrekin ospatu ahal izatea berme oro daudenean.

Zerbitzuen sektoreari begira, zein neurri hartuko ditu Udalak?

-Arreta soziosanitarioa bideratuta, orain kezkatzen gaituen gaia da dudarik gabe. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea berraktibatzeko neurriak zehazten ari gara. Erantzun Plana osatuko da: alor soziala eta ekonomikoa hartuko ditu bere baitan. Beste hainbaten artean, Lazkaon kontsumoa bultza-tzeko bono edo pizgarriak jaulkiko dira, online salmentari bultzada ematen saiatu edota tasak ordaintzetik salbuestea. Kaleak bizitzeko aktibitateak eta jarduera kulturalak areagotuko dira, egoerak uzten duenean eta beti ere osasuna lehenetsiz. Neurriok finkatze aldera, erakunde eta administrazio publikoek laguntzak banatzeko hartutako neurrien ondoren, Udalean, edonolako erabaki hartu aurretik, sektorearekin egiten dihardugu. Gure konpromisoa erabatekoa da sektorearekiko eta eredugarria izan da lazkaotarren erantzuna konfiamendu garai honetan.

"Lazkaoko Udalak 2.500 maskara banatu ditu dagoeneko 70 urtetik gorako herritarren

artean”