- Pandemia honek hainbat sektore eta kolektibo egoera larrian utzi ditu, dudarik gabe. Hala ere, beste zenbait alderditan, jendeak haren alderik onena erakutsi du beste behin, ondokoen azalean jarriz eta zailtasunak pasatzen ari direnei laguntza emateko prestutasuna agertuz.

Beasain laguntza horien erakusle garbia izan da. Hain zuzen, Anzizar SA enpresak ahultasun egoeran daudenei elikagaiak erosteko 3.000 euro emateko ekimena abian jarri eta Beasaingo Udalari aurkeztu zion. Udalak, Gizarte Ongizateko sailaren bitartez, dohaintza hori Beasaingo Gurutze Gorria, Caritas eta Nagusilan elkarteei zuzenean bideratzea zela egokiena adierazi zion, hala, gehien behar dutenei bideratu ahal izateko partida hori. Nagusilan elkartea, baina, elikagaiak jaso eta bana-tzeaz arduratzen da eta hori kontuan izanda, Urko Arandiak, Anzizar SAren izenean, 3.000 euroak bi zatitan banatzea erabaki da, Gurutze Gorriari eta Caritasi emateko.

Beasaingo Udalak ekimen pribatu honekin bat egin du eta gehien behar dutenei laguntzeko konpromezua berretsi du. Horregatik, datozen hilabeteetan 2.000 euro bideratuko ditu elikagaiak erosteko. Lehen sektoreari keinu egin dio pandemia garaian Udalak, bertako baserritarrek eta ekoizleek asteko azokan saldu ezin izan dituzten produktuak erosiz, eta ondoren babeseko etxebizitzetan, adinekoen egoitzan eta Gurutze Gorriari banatuz.

Krisi honek eragin dien pertsonei Beasaingo dendetan erosiko zaizkie elikagaiak. Gurutze Gorriak, Caritasek eta Nagusilanek, elkarlanean, Beasaingo hirurehun herritar baino gehiagoren artean banatzen dituzte elikagaiak eta ekimen honekin benetan beharra duten beasaindar gehiagorengana iristea dute helburu, elkarri lagunduz.