- Ordiziako Emaneurre taldeak, euskara eta errealzaleen elkartea batzen duenak, giro ederrean ospatu nahi izan du Reala eta Athleticen arteko Errege Kopako finalaren egun handia izango zena, baina Internet bidez izan da ospakizuna.

Orain egun batzuk sare sozialetan deia egin zuten Emaneurrekoek eta bolo-bolo zabaldu zen ideia. "Denok Sevillara! Kopako finalera... etxetik atera gabe!", zioen mezua zabaldu zuten.

Atzoko egunez asko ziren Sevillara joateko asmoarekin zirenak, bi taldeak animatu eta final euskaldun bat ospatzeko asmoarekin asteburua bertan igarotzeko. Finala bertan behera gelditu bada ere, festak ez du etenik, ez behintzat Emaneurreko kideentzat. Hala, Sevillako finalaren inguruko argazkiak eta bideoak eskatu zituen talde ordiziarrak. Honako baldintzak betetzen zituzten argazkiak eskatu dituzte: Sevillan zaudela irudikatzea, poteoan, kalejira, estadioan, Giraldillarekin... eta erantzuna beste behin handia izan da. Jakinarazi dutenez, parte hartu duten guztien hainbat sari zozketatuko dituzte.

Imajinazio zabala erakutsi dute beste behin elkarteko kideek eta futbolzaleek. #Emaneurresevilla traola erabiltzeko proposamena luzatu zien herritarrei eta irudi ederrak ikusteko aukera izan da horri esker. Gehienak collage eta Photoshop bezalako aplikazioen bidez, Sevillara joan ziren asteburu pasa eta bertako txokoak ezagutu dituzte. Umorea behintzat ez da falta izan, ospatu ez den finalaren inguruan.