- Martxoaren 29an onartu zen 10/2020 Lege Dekretuak, lan eta zerbitzuen antolamenduaren aldaketa eta egokitzapena bultzatu du, baita Lazkaoko Udalean ere. Honela, aldaketa nagusienak, kontratu publiko bidez kudeatzen diren zerbitzuetan emango dira, eta honako hauek dira aldaketa nabarmen horiek: lorazaintza zerbitzua eten da, eta udal eraikinen garbiketan ere aldaketak emango dira, beti ere, erabilera duten eraikinen garbiketa bermatuz.

Aldiz, kale garbiketa eta desinfekzio lanak, ezinbesteko eta derrigorrezko zerbitzu diren heinean egoera berezi eta larri honetan, indartu egin ziren pasa den astean koronabirusaren zabalpena muga-tzeko asmoarekin, eta bere horretan jarraituko dute aurrerantzean ere.

Udal langileei dagokionean, Alarma Egoera ezarri zenetik egin zen bezala, gehiengoek telelanean jardungo dute, ahalik eta zerbitzurik zabalena eskaini ahal izateko lazkaotarrei. Bestalde, udaltzaingoa, Gizarte langileak eta harrerako arreta eskaintzen duten pertsonak izango dira honen salbuespen. Udalean presentzialki jardungo dute arreta zuzena eskaintzeko herritarrei, segurtasun neurri guztiak bere horretan betez. Hala ere, Lazkaoko Udaletik eskatzen dute harrera telematikoa erabiltzeko honako kanalen bitartez egiteko, hain zuzen, telefonoz, 943 08 80 80an, eta emailez, udala@lazkao.eus helbidearen bitartez. Gauza hauekin herritarrei kalitatezko zerbitzua ematen jarraitu nahi zaie, baina segurtasun neurriak bermatuz guztien onerako. Gainera, orain arte bezala, alarma egoera honetan, Udalak adineko pertsona edo beharrak bereziak dituzten kolektibo ahulenei laguntza ematen jarraitzea bermatuko du.