ordizia - Ordiziako Udal Gobernua eta Ordizia Orain alderdia "buru-belarri" aritu dira hilabete hauetan aurrekontu proposamena presta-tzen, eta datorren martxoaren 16ean aurkeztuko dute, ez-ohiko Plenoan.

15.614.380,62 eurokoa da aurkeztuko duten aurrekontu proposamena, eta horietatik hiru inbertsioetara bideratuko dira. "Legegintzaldia hasi dugun unetik, guretzat, lehentasuna izan da aurrekontuak aurrera ateratzea. Ordiziaren egonkortasuna eta garapena bermatuko duen proiektua da bi alderdiok aurkezten duguna, eta horretarako, lanketa zabala egin dugu, ordiziar guztien iritzia kontuan hartuko duten aurrekontuak izan daitezen", azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak.

Ordizia Orainekoekin lankidetza egin badute ere, gainontzeko alderdiekin ere elkartu dira eta oraindik "proposamen eraikitzaileak entzuteko prest" daudela agertu dute, beraz, egunotan izango dute horretarako azken aukera.

Mila Sukia, Ordizia Oraineko ordezkaria: "Gauza politak atera dira elkarlan honetatik, eta gauza batzuk aurrekontu proposamen hauetan sartu ez diren arren, lau urte ditugu horiek egiteko". Beraz, bi alderdien onespenarekin aterako dira aurrera 2020ko aurrekontuak. Udal Gobernuak zazpi ordezkari ditu eta Ordizia Orainek bi. Bestalde, EAJk ere zazpi ditu, eta PSE-EEk bakarra. Bederatzi baiezko boto behintzat izango ditu proiektuak, errealitate egiteko nahikoak.

herritarren iritzia Udal Gobernuaren programa izan da aurrekontu proposamen honen abiapuntua, baina ordiziarrek ere izan dute zeresana. Hain zuzen, zazpi bilera antolatu dira auzoetan banatuta, eta bertan herritarrek haien kezka eta proposamenak egiteko aukera izan dute. Horiek isla izango dutela gaineratu du alkateak: "Ordiziarrek egindako ekarpenek martxoaren 16an onartzera daramagun proiektuan agertuko dira, hain zuzen, 15 proposamenetik gora jaso ditugu bertan". Herritarrez gain, herriko elkarteetako ordezkariekin ere egon dira, parte-hartze zabala lortuz.

Helburu nagusia "herritarren bizi kalitatea hobetzea" dela adierazi du Ezenarrok, eta horretara bideratuko direla inbertsioak. Horien zati bat azpiegitura eta Udal eraikinak eraberritzeko bideratuko da, kale eta espaloiak eraberritzeko, Majoriren eraberritzearekin jarraitzeko, baina etorkizuneko lanen proiektuak burutzeko ere, auzoen urbanizazio proiektuak, eta irisgarritasuna hobetzekoak, besteak beste.

Beste zati handi bat, ordea, gizartera bideratuko dela gaineratu dute; hala nola, eguneko arreta zentroa egitera edo etxez etxeko laguntzak handitzera, eta ordiziarren heziketa eta parte-hartzea sustatzera. Hiri hezi-tzailea birpentsatzera eta hezkuntza mahaia sortzera, edota parkeen eraberritze plangintza herritarrekin adostera, batez ere erabiltzaile diren haurrekin Klima larrialdiari erantzuna ematea ere aurreikusten da proiektuan, udal eraikin guztien energia auditoriak burutuz, energia berriztagarrien erabilpena sustatuz, eta argiteriaren aldaketarekin jarraituz.

"Helburua herritarren bizi-kalitatea hobetzea da eta horretara bideratuko dira inbertsioak"

Adur ezenarro

Ordiziako alkatea