beasain - Beasaingo Udalak euskarazko literatura hauspotu nahi du, bide batez, irakurzaletasuna bultzatzea eta beasaindarrak bibliotekara hurbilduz. Horri bultzatzeko asmoz abian jarri du Orriz orri, eskutik eskura egitasmoa Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz eta Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta, orain arte antolatu duen Irakurri, gozatu eta oparitu ordezkatuz.

Xabier Matarranz, kultura zinegotzia: "Aurten Beasaingo Udalak bere kabuz antolatzea erabaki du orain arteko kanpainaren arduradunek proposatu dizkiguten datak ez direlako guretzat egokiak, eta herriko baliabideei eutsi nahi diegulako". Egitarau zabala antolatu dute, beraz.

Hain zuzen, maiatzaren 7ra arteko ekintza sortan, mahai inguruak, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak, idazlan lehiaketak eta sari-emateak daude, besteak beste. Udal bibliotekatik egitasmo hau garatzeko hiru urrats eman behar direla jakinarazi dute: bibliotekak mailegatutako euskarazko liburua hartu behar da, ondoren irakurri eta itzultzerakoan, irakurleak liburuari buruzko fitxa bete behar du. Hori eginda hilabeteko zozketan sartuko dira fitxa bete dutenak.

Nabarmentzekoak, Igartza Literatura Beka eta Idazlan lehiaketaren sari ematea dira. Gaur arratsaldean, Erika Elizariren Zendablitz liburuaren aurkezpena dago eta apirilaren 26an, udalerriko ikastetxe guztietako haur eta nerabeak elkartuko dira idazlan lehiaketan. Tartean hiru ipuin kontaketa egongo dira haurrei zuzenduta, martxoaren 3an eta 26an, eta apirilaren 23an.

Martxoaren 27an Miren Amurizaren Basa liburuaren inguruan saioa egingo du irakurle taldeak eta apirilaren 24an idazlan lehiaketako lan sarituekin egingo dute gauza berbera. Bestalde, apirilaren 5ean Aldabek antolatuta Unai Gaztelumendirekin komiki tailerra egingo da Igartzan eta maiatzaren 7an Goierriko Bertsozale Elkarteak Kontrako eztarritik liburuaren solasaldia eta bertso saioa egingo du Igartzako jauregian.

Egitasmoari itxiera emango dion ekitaldia maiatzaren 10ean burutuko da, Euskal liburuak kalera izenekoa, eta Irakurle taldeak eta Herri Ekimenak antolatua.

liburuak, kalera Beasaingo bibliotekako liburuen garbiketa egin behar denez, soberako liburuak kalera aterako dituzte, etxola moduko batzuetan. Herritarrek hartzeko aukera izango dute eta etxean dituztenak bertan uzteko.