beasain - Udalerrian dauden lokal hutsak berrerabiltzeko helburua lortu da osoko bilkurak onartu duen proposamenarekin. Hain zuzen ere, eta bereziki J. M. Iturriotz kalean dauden lokalek izango dute lehentasuna, nahiz eta udalerri osora zabaldu daitekeen asmo hau. Horretarako, eta Herritarrak batzordetik egindako proposamenarekin jarraituz, aho batez onartu zituen udalbatza osoak hutsik dauden lokalak betetzeko alokairuei diru laguntzak emateko oinarriak.

Baldintza nagusienak hauek izango dira: alokairu kontratua gutxienez hiru urtekoa izan beharko da, lehenengo urtean alokairu gastuaren erdia, gehienez ere, hilabetean 300 euroz lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean aldiz, alokairuaren %40, gehienez ere, 200 euro hilean. Establezimendua erosiz gero, ordea, diru laguntza katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000 euro. Honekin batera barruko zein kanpoko errotuluak euskaraz egon beharko direla jakinarazi dute.

Laguntzak emateko oinarriak 2020an bete diren lokal hutsei ezarriko zaizkie, alegia, proposamena orain onartua izan bada ere, urte honetan orain artean berrerabili diren lokalek ere eska dezakete laguntza, Igunera joz.

Ez da hor izan, baina, onartu den puntu bakarra, izan ere, udal langileei gurasotasun baimena pareka-tzea izan da nabarmentzeko beste atal bat. Antolakuntza batzordeak aurkeztutako proposamenak, bi gurasoek dituzten jaiotzagatik baimenen iraupena parekatzea. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealaren eta eraginkorraren alde, erantzunkidetasun printzipioaren alde eta bizitza pertsonalaren eta familiarren kontziliazioa sustatzearen alde dagoen eskaera sozialari erantzuteko. Hain zuzen ere Udala aurrera eramaten ari den Herrilab proiektuarekin koherentziaz jokatuz kontziliazio erantzunkidea sustatzeko. Honela bada aho batez onartutako proposamenaren arabera, ama biologikoa ez den gurasokidearentzat ere 18 astera gurasotasun baimena luzatzea onartu da. Honekin batera aipatu, Herrilab proiektuaren hurrengo faserako ekintza plana gauzatzeko eginkizuna esleipen bidez Ikertalde eta Ikerpartners enpresek osatutako aldi baterako enpresaelkarteari esleitu zaio legealdi amaiera arteko epean 35.495 (+BEZ) eurogatik.

ordainsariak Bestalde, otsaileko Plenoan berretsi denez, urtarrilean argitara emandako dekretu legearen arabera, langile publikoen 2020. urteko ordainsarien igoerak araututa daude. Horren harira, soldata igoera finko bat aurre ikusita dago batetik, eta, bestetik, ekonomia haztearekin lotutako igoerari dagokion ehuneko gehigarria. Hori horrela izanda, 2020ko urtarrilaren 1etik %2ko igoera finkoa ezarriko da aho batez udalbatzak onartuta. Gehigarri baldintzatua berriz uztailaren 1etik aurrera Barne Produktu Gordinaren igoerarekin baldintzatua egongo da eta igoera finkoari erantsiko zaio.

Zinegotzien lanaldi edo arduraldi esklusiboei dagokionean aztertutako proposamenean, arduraldi esklusiboa aitortzea erabaki da EHBildu oposizioko udal taldekoa den Yolanda Hernandez Rodriguezi, hamalau paga jasoz. Halaber, arduraldi partziala %50ean izatea onartu zaie Xabier Matarranz Rico eta Elena Ruiz Zabala udal gobernu taldeko zinegotziei, hamalau ordainketa soldata jasoz. Proposamena aurrea atera da Udal gobernuaren aldeko hamar botoekin eta EHBildu eta PSE-PSOE udal taldeen aurkako zazpi botoekin.

Hiru urtez alokairu gastuak diruz laguntzeko oinarriak onartu dituzte, eta lokala erosteko ere laguntzak ematea aurreikusten dute

Udal langileen gurasotasun baimena 18 astera luzatzea erabaki da udalbatzan, kontziliazioaren alde