ordizia - Ohikoa da Gorka Lariz ordiziarra irribartsu ikustea da. Haren ezaugarri nabarmenetako bat dela esan daiteke, baina ez bakarra: egiten duen guztian pasioa jartzen du, batez ere, betetzen dituen gauzetan. Antzerkia da horietako bat, dudarik gabe. Ohikoa da ordiziarra taula gainean ikustea, Urrup antzerki taldeko kide baita.

Ordiziako Jakintza eta Urdaneta eskoletatik etorri berri zara orain. Zer duzu esku artean?

-Aste honetan zehar Kaldereroak ospatuko ditugu Ordizian, eta pertsonaia hau sortu zen momentutik nik antzezten dut. Guzti hau sortu zenean ipuin bat ere egin zutela Zozomikoteren istorioa kontatuz, eta orain eskoletara joaten gara hori kontatzera eta antzeztera. Momentu batean benetako Zozomikote azaltzen da eta haurrekin zuzeneko komunikazioa izaten dugu. Dagoeneko laugarren urtea da hau egiten dugula, eta nahiz eta haurrek badakiten momenturen batean Zozomikote agertuko dela, beti saiatzen gara zerbait berria egiten.

Pertsonaia nahiko berria izan arren, herrian errotu da.

-Bai, azkenean Kaldereroen Komisioko kideek festari bultzada bat egiteko asmoarekin sortu zuten zerbait da, eta, hala, Urrup antzerki taldera jo zuten aktore baten bila eta ni animatu nintzen Zozomikote antzeztera. Urte hauetan ikusi dugu umeengan bai izan duela halako oihartzuna; nahiz eta hazten diren heinean badakiten ni naizela pertsonaia hori egiten duena eta edozein momentutan Zozomikote deitzen didaten kaletik. Bera lapurra da, edo beno, bihurria behintzat bai eta horregatik zirikatzen aritzen dira, baina badakite jolasa dela eta halako erlazio bat sortzen da guztion artean.

Eta zer da beste pertsonaia bat an-tzeztearen alde zailena?

-Funtsean beste pertsona bat izan behar duzu, nahiz eta beti izango duen zurea den zerbait. Gauza da zure alderdi hori ahalik eta disimulatuen joan behar duela, eta horretarako garrantzitsua izaten da beste erreferentzia batzuk hartzea: izan daitezke zure ingurukoak, urrutikoak, profesionalak, adituenak ez direnak... baina beti izango du zurea den zerbait. Nik sentimendua jartzen diot, eta azkenean horrek egiten du pertsonaia hori nirea izatea.

Zozomikoteren kasuan, badu orduan zerbait zurea. Zer dela esango zenuke?

-Haurra edo gaztea nintzeneko nire jarrerak irudikatzen ditut. Izan liteke, nolabait, Gorka Lariz gaztetan. Oso bihurria nintzen ni ere bai, eta horretan antzekotasuna dugu.

Noiztik antzezten duzu?

-Txikitatik. Nahiko pailazoa izan naiz beti, eta anaia antzerki taldean hasi zenean nik ere bide bera jarraitu nuen. Garai hartan Ordiziako an-tzerki taldea zuen izena, eta ondoren Urrup izena hartu zuen. Hiru urtez Madrilen ikasi nuen antzerkigintza, eta asko ikasi banuen ere, sakrifizio handia eskatzen duen zerbait da. Ondoren, monologoak egiten hasi nintzen Euskal Herri osoan eta garai hura ederra izan zen. Ostean berriz ere Urrupera itzultzeko aukera izan nuen, eta ez nuen zalantzarik izan.

Urtero ikuskizun berriak estreinatzen dituzue.

-Bai. Kasu honetan martxoan Un tranvía llamado deseo antzeztuko dugu; iaz estreinatu genuen baina euskaraz. Eta uztailerako komedia bat lantzen ari gara. Badira urte ba-tzuk dramak lantzen ditugula, eta bada unea barre egiteko.

Madrilen aritu ostean berriz etxera itzuli zinen. Antzerkigintzatik bizitzea amets zapuztu bat da?

-Ez, bete ez denik ez du esan nahi zapuztua denik, baizik eta denbora oraindik ere betetzeko badagoen. Ametsak jarraitzen du, nahiz eta nire bizitzak beste bide bat hartu duen eta ahalko banu ere, beti etxetik gertu izan beharko litzateke.