idiazabal - Axariak prest daude Idiazabalen guztia behar bezala ateratzeko San Blas jaietan, eta, aurreko asteburuan bezala, berrikuntzak bueltan izango dituzte oraingo honetan ere.

Gaur, 17.00etan, playback emanaldia egingo dute plazan gaztetxoek, eta txokolatada egongo da ondoren. Bide batez, Idiazabalgo buruhandiak ere orduan aterako dira. Futbitora mugituko da festa. Hain zuzen, kuadrilen arteko futbito txapelketaren finala izango da. Ikuskizunerako jende asko elkartuko da ohiko moduan, eta ondoren hasiko den helduen danborradarako ere bai. Egia da herriz herri festetan egiten diren danborradetan parte hartze maila jaisten ari dela urteak pasa ahala, eta zenbait herritan zalantzan jartzen ari dira dagoeneko ea haien herriko festetan egongo den danborradarik. Idiazabaldarren kasuan, 2008. urtean atera ziren azkenekoz helduak danbor hotsekin herria betetzera, baina azken urtean talde bat elkartu eta antolakuntza ona medio, 200 herritar aterako dira. Dagoeneko entseguak eta eginda dituzte, eta iluntzara itxarotea besterik ez da gelditzen. Hura amaituta, Igarondo pilotalekuan elkartuko dira elkarrekin afaltzera eta Kantu Jirako taldeak alaituko du arratsa.

Agendak hala markatuta, ez-ohiko antolakuntza izan dute aurtengo San Blasek. Izan ere, eta askok hala pentsatu arren, bihar jaitsiko da Axaria, eta horrek adierazten du jaien hasiera ofiziala, mozorro egunarekin bat eginez. Horrekin batera, noski, pregoia irakurri eta suzirien jaurtiketa etortzen dira. Beraz, jai egun askotaz gozatzeko aukera izan da aurten, nahiz eta festa ofizialetan murgilduta ez egon.

Duela hogei urte zabaldu zen Pilarrenea Eguneko Zentroa. Indiano etxe bat da, eta herrian dagoen altxorretako bat; zelai zabalak, jatetxea, KZ gunea eta frontoia batzen dira bertan. Bertako langileena izango da pregoia irakurtzearen ohorea. Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkateak, hala zehaztu du Eguneko Zentrokoek festei hasiera emateko erabakia: "Festak ospatzerik ez dutenekin edo beste modu batera bizi dituztenekin gogoratu nahi izan dugu. Bide batez, halako egoeran dauden herritarrei omenaldia egin nahi diegu". Dudarik gabe, keinu ederra bertan elkar-tzen diren langile eta heldu guztiei begira, non pozik jaso duten albistea. 12.00etan izango da hori eta segidan Ipurdi Dantza egingo dute. Naxario Telleriak sortutako doinuari Antton Irizarrek jarri zion dan- tza. Hau ere galduta egon den ohitura izan da, eta berriz berreskuratuko dute aurten. Gainera, Udaleko sare sozialetan dantza honen pausoak zeintzuk diren gogorarazi dute. Ordurako herritarrak mozorrotuta aterako dira; normalean arratsaldez izaten den pregoia eguerdira pasaz.

Goitibeherek, dantza emanaldiak eta pilota partiduak osatuko dute egitaraua. Afaltzeko, Zelaa kiroldegia izango dute janleku, eta sagardotegiko menua dastatzeko aukera izango da.

Igandean, berriz, Kandelario eguna da. 12.00etan herri kirolak, ondoren kandela bedeinkazioa eta meza nagusia eta txaranga izango dira. Axari dantza taldeak aurten 40 urte betetzen ditu, eta hauek emanaldia egingo dute pilotalekuan, 17.00etan. Astelehenean, etenik ez, eta kuadrila eguna ospatuko dute.