LAZKAO - Edozein festa inguratzen den heinean, guraso zein herritarren artean gaztetxoek alkohol eta bestelako droga batzuekin izan dezaketen hartu-emana hizketagai bihurtzen da. Guztiek bat egiten dute informatzea beharrezkoa dela kontsumo konziente eta neurrikoak egiteko, eta bestelako arazorik ez izateko kontrola galtzearen ondorioz.

Horrez harira, esaterako, festa askotan Botiltzarra egitasmoa egiten da, non aditu batzuk gaztetxo kuadrilengana gerturatzen diren parrandan dauden bitartean eta beharrezko zein neurri erraz batzuen inguruan informatzen dieten.

Beasain eta Lazkaon, baina, beste pauso bat eman dute eta bertako Udaltzaingoko kideek, Ertzaintzarekin elkarlanean, hainbat saio burutu dituzte aste honetan herriko ikastetxeetako ikasleekin. Lazkaoren kasuan San Benito ikastolako 13 eta 15 urte bitarteko 200 ikasleek parte hartu dute. Klase horretan, hainbat udaltzainek edozein droga kontsumitzeak ekar ditzakeen arrazoiak eta ondorioak azaldu zizkieten; hala nola, 18 urtetik behera edatea debekatua dagoela, eta, ondorioz, adin txikiko norbait edaten ikusiz gero, edaria kendu, izena eta telefonoa eskatu eta gurasoei deitzen zaiela azaldu zien.

ONDORIOEN BERRI Hori ez ezik, edari nahasketaren ondorioak eta beste produktuen kontsumoak ekar ditzaken kalteez ohartarazi zien ikasleei. Saioan helduei ere egin die erreferentzia. Jakina da, zenbaitetan, adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dagoenez, heldu batengana jo dezaketela halakoa lortzeko, baina horrek ere badu ondorioa, hain zuzen, ekainaren 25eko 18/1998 legeak azaltzen duen moduan, 3.000 euro arteko isuna ekarri dezake. Horregatik, Udaltzainek alkohola salgai dagoen denda eta saltokietan idatzi bat banatuko dute ohartaraziz 18 urtez beherakoei alkoholik ezin zaiela saldu gogoratuz eta lege hori betetzen dela bermatuz.

Bestalde, lapurretak, gainean eraman beharreko dokumentazioa, eta liskarretan eduki beharreko jokabidea ere landu zituzten saio horietan, esaterako. Hori ez ezik, hainbat gomendio eta zalantza argitzeko ere balio izan zien ikasleei.

Beasainen kasuan, DBH bigarren eta hirugarren mailako ikasleekin elkartu ziren. Txindoki institutuko bederatzi ikasgeletan parte hartu dute, eta Andramendi ikastolako bi ikasgelatan eta La Salle ikastetxeko lau gelatan ere bai.

Gehienetan behintzat, adin horietan hasten dira gazteak berain lehendabiziko irteerak egiten eta alkohola duten edariak probatzen ere bai. Hori horrela, informazio eta prebentzio lana egitea funtsezkotzat jotzen dute Beasaingo Udal arduradunek adin horretako gazteei. Lanketari dagokionez, eduki berberak landu dituzte bai Beasainen eta Lazkaon.

Horri dagokionez, Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak nabarmendu du "ezinbestekoa" dela ikastetxeetatik "gazteak informatzea eta heztea, nerabezaroan arriskuak saihesteko". Zorrotz mintzatu da alkatea: "Herri honen etorkizuna dira". Horrez gain, Udal ordezkariek Udaltzaingoak egin duen lana ere eskertu nahi izan dute, prestakuntza eta prebentzio saio hauek hezkuntza zentroetan ematea beharrezkoa delako. Horregatik, urtero halakoak egiterari helduko diote aurrerantzean ere.

Hain zuzen, urte hasierarekin jarraian datoz Goierrin festak; Idiazabalgoak, inauteriak, Lazkaokoak, Beasaingoak... eta horregatik urte osorako balioko dituzten gomendioak jaso dituzte gaztetxoek.