idiazabal - Txistularien erritmoarekin hasi ziren idiazabaldarrak San Blas jaietarako prestatzen. Beste behin, larunbat iluntzean Txistularien Alardearen emanaldia izan zen eta Zelaa kiroldegia txiki gelditu zen beste behin ere. Herriko dantzariak ere ez ziren falta izan ikuskizunean, eta inguratu ziren guztiek saio borobilaz gozatzeko aukera izan zuten, Iñaki Telleria idiazabaldar musikari eta zuzendariarekin gidaritzapean. Festak, nola ez, iluntzean ere jarraitu zuen, baina ez zen aitzakia izan igandeko eta festa hauetako ekitaldi garrantzitsuenetako bat ez ikusteko.

Eguraldi ederraz esnatu zen igandea eta korrikalariz betetzen hasi zen pixkanaka herria, Herri Krosaren 40. urtemugari hasiera emateko prest. Gaztetxoek haien ibilbideak egin ostean, 12.00etan eman zioten hasiera kadete eta helduek. Azken urteetako parte hartzeak gora egin du eta azkenean, 650 korrikalari baino gehiago jarri ziren hasierako puntuan, 10.250 metroak osatzeko asmoarekin. Azken unean izena eman zuena izan zen irabazlea, Chakib Lachgar korrikalaria (31:19). Iazko urtean Behobia lasterketa ere irabazi zuen, eta argi zuen korrikalariak Idiazabalen ere asmo bera zuela. Eneko Agirrezabal segurarra iritsi zen bigarren, hamar segundora, lasterketa bikaina osatuz eta Aitor Mimenza elorriotarra hirugarren, 31:38ko denbora osatuz. Azken honek 2017 urtean irabazi zuen herri krosa.

Emakumezkoetan ere maila bikaina erakutsi zuten eta lehena iristen Maite Arraiza lazkaotarra izan zen, 37:38ko denborarekin, bigarrena Maite Etxezarreta azpeitiarra (38:26) eta hirugarrena, Mendaroko Maite Maiora korrikalaria, 39:38an.

Urtemuga borobilak marka berrien ezartzea ere ekarri zuen. Orain dela lau urte marka berria jarri zuen Javier Nagorek, eta Lachgarek 29 segundotan jaitsi du marka. Maite Arraizaren kasuan, minutu batean jaitsi zuen aurretik ezarrita zegoen marka. Beraz, 40. urteurrenak errekor berriak jarri ditu herri krosean.

Irrifarrak nagusi izan ziren ibilbidean zehar, Zure irrifarra, nire indarra egitasmoak ere parte hartu zuelako, eta egokitutako gulpildun aulkietan haur eta gaztetxo asko ikusteko aukera izan zen. Atzean, erreleboka aldatzen ziren familiarteko eta boluntarioak zeuden.

Sariak banatzerako orduan, berriz, sorpresak izan ziren. Lehenengo edizioa irabazi zuen Ibarrako Jose Maria Agirrezabalagak txapela jan-tzi zion Lachgarri, eta emakumezkoetan, 1981. urteko irabazlea den Maria Jesus Araiztegik berdina egin zuen Arraizarekin.

Igande arratsaldean, bestalde, danbor hotsak izan ziren nagusi, haurren danborradan. Aurtengoan Igarondo pilotalekuan amaitu dute saioa. Ostiral honetan, berriz, helduen txanda izango da. Hainbat urtetan ekintza hau galduta egon da, baina berriz ere idiazabaldarrak danborra jotzeko prest daudela erakutsiko dute.

Larunbatean izango da pregoia eta aurtengo San Blasen hasiera ofiziala, Pilarrenea Eguneko Zentroko kideen eskutik, eta mozorro eguna ere ospatuko dute. Igandean izango da Kandelario eguna eta astelehenean San Blas eta kuadrilena.