idiazabal - "Festa parte-hartzaileak dira gureak, gehien gehienean, izaldarrek antolatutako ekimenez beteak". Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatearen hitzek ondo azaltzen dute ate joka dauden San Blas jaien izaera herrikoi eta parte hartzailea. Festa Batzordea hilabetetan lanean aritu da egitarau zabal eta anitza osa-tzeko, eta, horregatik, Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete jardun honetan aritu direnei: "Herritar asko gerturatu zarete, denok ere indarrez eta gogoz, festa polit eta animosoak antolatzeko. Guztiak ere buru belarri eta fin-fin arituko dira egun hauetan isileko lanean, jaiak aurrera atera daitezen".

Helburu horri helduz, gaur hasiko dira San Blas jaien barnean hartuko dituzten ekitaldiak. 18.00etan, Udaletxe zaharrean, Ameli ipuin kontalaria izango da. Bihar, berriz, 16.00-etan egunero zentroan KantuJira taldearen emanaldia izango da.

Larunbata kirolari lotuta hasiko dute idiazabaldarrek. 10.00etan, Altunariztiko kanpan Compac Sporting plater hausketa saioa, eta 17.00-etan Euskal Herriko 8x8ko sokatira txapelketa, Igarondo pilotalekuan.

Larunbateko ekitaldi nagusietako bat, ordea, herrian erabat errotuta dagoen alardearen emanaldia izango da. 19.30ean hasita, txistulari ohiak herrian barrena igaroko dira, Zelaako Kiroldegiko bidea hartuz. Bertan, 20.00etan emango diote bide XXVII. edizioari. Doakoa izaten den emanaldia da hau, eta urtero ikusleak aho zabalik uzten dituena.

Igandean, berriz, krosa izango da. Aurten 40. urte betetzen ditu herri krosak, eta 10.45ean hasiko dira gaztetxoenak ibilbidea osatzen. Kadete eta helduena, ostera, 12.00etan izango da. Inguruko lasterketen artean bereizgarria badu honek, izan ere, betidanik guztiek goraipatu dute antolakuntza taldearen lan ona.

Arratsaldean, ohiko moduan, 17.00etan haur danborrada hasiko da, eta Igarondo pilotalekuan amaituko da plazan izan beharrean. Ondoren, herriko futbito txapelketako finalerdiak izango dira ikusgai.

helduen danborrada Aurtengo egutegiak hala markatuta, festa egunak desberdin antolatu dira. Hala, ostiralean, hilak 31, 17.00etan playback-a egingo dute gaztetxoek eta ondoren txokolate jana eskainiko da. Arratsaldea alaitzeko, berriz, buruhandiak ere aterako dira, haurren artean bizitasuna jartzeko.

Bien bitartean, orain arteko moduan, futbitoa jendez betetzen joango da finalak ikusi eta aurten txapela jantziko duen taldea zein den jakin bitartean. Segidan, trikipoteoa egingo da Xabi Arakama eta Jose Agustin Elorzarekin batera. Berrikuntzekin egongo da ostirala, izan ere, orain urte batzuk galdu zen helduen danborrada berriz ere kalera aterako da. Hain zuzen ere, 2008. urtean ospatu zen azken aldiz, eta aurten indarberrituta itzuliko da. Gogotsu eta ilusioz antolatu den ekimena da eta horren adierazle da 200 herritar inguruk parte hartuko dutela. Ondoren, elkarrekin afalduko dute kiroldegian. 23.30ean kontzertuen txanda izango da eta frontoi zaharrean Streetwise, Dinamita eta Los Lucians taldeen emanaldiekin.

pregoia Otsailaren lehenarekin hasiko dira ofizialki San Blasak. Mozorro eguna ere izango dute, eta beraz, idiazabaldarren irudimenaren emaitzak ikusi ahalko dira. Hala, 10.00etan bolo lehiaketa izango da, eta 12.00etan pregoia eta axariaren jaitsiera. 2020ko festei hasiera emateko ardura Idiazabalgo Pilarreneako, Eguneko Zentroko erabiltzaile eta langileek izango dute; aurten, 20 urte beteko direlako Idiazabalen adinekoak zaintzeko zentro hau ireki zenetik. Une horretan Axariaren jaitsieran lehen emanaldi hartarako Nazario Telleriak konposatu eta Antton Irizarrek asmatutako Ipurdi-dantza erraldoia egingo dute plazan.

Eguerdian goitibeheren txanda izango da, 13.30ean hasita, eta ondoren Idiazabalgo buruhandien eta Lazkaoko erraldoien kalejira egingo da. Frontoi zaharrean, 16.30ean, Izarretan dantzan emanaldia egingo dute balleteko ikasleek eta 17.45ean pilota partidak izango dira Igarondon. Mozorro eguna alaitzeko ez da faltako musikarik, Jun da Jo txarangaren eskutik. Hilaren 3an, berriz, kuadrila eta San Blas eguna izango dituzte eta hor egingo dute ohiko paella erraldoia.