lazkao - Giza Eskubideen gaiaren inguruko lanketak geroz eta maizagoak dira gizartean, ikastetxe, elkarte eta eragileen artean, eta baita gaztetxoei zuzendutakoak ere. Lazkao ez da atzera gelditu Giza Eskubideen eta hauen urraketak aztertzerako orduan, eta Udalak, herriko gaztetxoei zuzendutako ikastaro bat antolatu du egunotan Dar Dar produkzioakeko kideen eskutik.

Kepa Zubiarrain, Lazkaoko alkateak, berdintasun eredua nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da txiki- txikitatik eredu parekidean heztea. Gizon eta emakume guztiak aske jaiotzen gara, duintasun eta eskubide berberak ditugu, eta elkarren artean senide legez jokatu behar dugu. Datuek diote gaztetxoengan eragin behar dugula".

Etorkizuneko gizartea gaurkotasunean hezi beharra dagoenez, biolentzia estrukturalaren ondorioz ematen diren Giza Eskubideen urraketei arreta berezia ezarri diete ikastaro honetan. "Bereziki, norbanakoaren jarreran jarri dugu fokua: genero berdintasun falta, gizon eta emakumezkoen harremanetan dagoen asimetria, emakumeek jasaten duten biolentzia estrukturala".

Alkatearen ustez garrantzizkoa da hausnarketa, "Lazkao berdinzalea" dutelako jomuga, genero, arraza, sexu eta bestelako ezaugarrietatik haratago doana eta elkarrekiko errespetua duena oinarri. "Hain zuzen, herri parekidea", zehaztu du Zubiarrainek.

historian murgilduz Lehenengo aldiz jarri dute martxan Lazkaon halako ariketa bat, non ikerketa ezberdinetik eratorritako datuak jarri dituzten mahai gainean eta herriko gaztetxoekin horiek lantzeko aukera izan duten.

Jarduera anitzak egin dituzte eta adituen teorien berri ere izan dute; besteak beste, Johan Galtung soziologoaren biolentzia zuzena, biolen-tzia estrukturala eta biolentzia kulturalaren definiziotik abiatuta, Mundua, ispilua eta ni ikuskizunaren emanaldia ikusteko aukera dute. Bertan gure gizartean dagoen genero indarkeria jorratzen da, Indiako kaleetan bizi diren haurren prostituzioa, eta aurreko mendeko 50. hamarkadan Estatu Batuetan arrazakeriaren inguruan egon ziren mobilizazioak.

Gaztetxoen egunerokotasunera ere gerturatu dira kasuak eta adibideak. Ertzaintzak landutako gazteen artean gertatzen diren genero indarkeriaren datuak ezagutu dituzte eta baita egunean hiru eraso gertatzen direla 13 eta 30 urteko emakumeen aurka, besteak beste. Hau guztia heziketaren oinarrian parekidetasuna bultzatzeko helburuz egin dute.