Aurten Aste Nagusi Pirata ez da egongo eta Donostiako Piratak ekimenak alternatiba sortu du. Kabotajea izeneko ekitaldiak lau egun iraungo ditu, abuztuaren 19 eta 22a bitartean, eta bertsolariak, tailerrak, haurrentzako ekintzak eta musika emanaldiak izango ditu, besteak beste. Ekintza hauek Trinitate Plazan gauzatuko dira, mugimenduak atzo eginiko prentsaurrekoan jakinarazi izan zuen lez. Jardueren ordutegia datorren egunetan jakinaraziko dute euren sare sozialetan.

Horrez gain, Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkartea, omendu nahi izan dute. Alde batetik, haiek hartuko dute aurten Matti, Ezkila Kapitainaren lagun-tzailea, izatearen ardura; bestetik, elkarte honek hitzaldi bat eskainiko du abuztuaren 22an, eguerdiko 12.30ean, "gerturatu nahi duten guztientzat".

Aurtengo "egitarau anitzak" pandemiaren ondorioz ezarritako "segurtasun neurriak beteko dituela", nabarmendu zuten antolatzaileek, maskararen erabilera eta eserlekuen aurretiko antolakun-tza lirateken bezala; edukiera Trinitate Plazari ezarritako aforoari mugatuta egongo da, gainera. Merchandising postuak eta Puntu Moreak ere bertan izango dira.

Azkenik, taldeak gazteek "pairatzen" duten "kriminalizazioa salatu" zuten. Depresio eta suizidio kasuen eta langabezia tasaren gorakada azpimirratu zuten adin talde horretan. Egoera horri kontrajarri ahal izateko, "lau egunero egitarau bat segurtasun osoz antolatzeko gai" direla jakinarazi zuten.