- Donostiako Udaleko EH Bildu taldeak udan kontratatzen diren Udaltzaingoko errefortzuei euskara ez eskatzea kritikatu du. Izan ere, udan egoten diren errefortzuetan Udal Gobernuak ez du eskakizun hori jartzen.

Zigor Etxeburua zinegotzi aber-tzaleak azaldu zuenez, aurreikusitako 70 kontratazioetarako euskararen ezagutzaren derrigortasun-indizea %92,86koa izatea eskatu zuen Euskara Zerbitzuak, Udaltzaingorako ezarrita dagoen berbera.

Inolaz ere, Udaltzaingoaren zuzendariaren esanetan, ofizialordeak eta lehen mailako agenteek eskatutako hizkuntza-baldintzak betetzen dituzte, baina ezin omen du ziurtatu bitarteko agenteek beteko dutenik.

Etxeburuak salatu duenez, Euskara Zerbitzuak kontratazio prozesuaren aldeko txostena egin ez arren, Udalak aurrera jarraitu du eta hizkuntza eskakizuna betetzen ez duten eragileak kontratatuko ditu.

"Ez dakigu Arkautetik datozen 70 agenteetatik zenbatek jakingo duten euskaraz, baina sindikatuek esan digutenez ez omen dira behar den ehunekora iritsiko. %50 ere izango ez ote diren beldur gara", adierazi du Etxeburuak.

"Donostiako Udal Gobernuak bi urte izan ditu udarako agenteak kontrata-tzeko lan-poltsa bat osatzeko, Irunen, Arrasaten eta Zarautzen egin duten bezala; ez egitea erabaki dute, ordea, eta orain, behar diren azalpenak eman beharko dituzte", adierazi du Etxeburuak.

Bestalde, aipatu nahi izan du, sindikatuek salatu dutenez, zuzendariak bertan behera utzi duela euskara lanorduetan ikasteko aukera, baita lanorduetatik kanpo egindako eskola-orduak konpentsatzeko aukera ere.

"Bi erabaki horiek atzerapauso nabarmena suposatzen dute Udaltzaingoaren euskalduntze prozesuan; izan ere, herritarrok zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko dugun eskubidea urratzeaz gain, udal langileei euskaraz lan egiteko aukera ere murriztu egingo baitzaie", esan du EH Bilduko zinegotziak.

Hori dela eta, EH Bilduk Mikel Go-tzon Santamaria Udaltzaingoaren zuzendariaren, Martin Ibabe Udaltzaingoaren arduradun politikoaren eta Jon Insausti Euskara zinego-tziaren agerraldia eskatu du, lan-poltsaren kudeaketaren inguruan itaunketa egiteko eta udako kontratazioen erantzukizunak argitzeko.