bertan

Donostia | Urteko egun guztietan izaten dira bainu-hartzaileak

28.06.2021 | 00:35
Kontxan egunero bainatzen den erretiratu talde bat kabinetatik hondartzara jaisten.

Donostiako Kontxako uretan urteko egun guztietan izaten dira bainu-hartzaileak. Erretiroa hartutako lagun-talde donostiar bat goizeko 9.00etan bertako kabinetan elkartzen da aldatu, bainujantzia ipini eta gorputza freskatzera joateko. Egunkari hau Kontxako kabinetan elkartu da lagun-talde horrekin, egunero goiza nola hasten duten ikusteko.

Kontxi Odriozolak 77 urte ditu gaur egun, eta erretiroa hartu aurretik ile-apaintzaile izan zen 40 urtez. Lanean zebilenean ez zuen hondartzara joateko aukera handirik izaten, nahiz eta beti gustatu izan zaion Kontxa bisitatzea. "Lanean nengoenean ahaleginak egiten nituen eta udaberrian hasten nintzen etortzen, baina ez egunero", azaldu du Kontxik.

2003an minbizia diagnostikatu eta hurrengo urtearen hasieran ebakuntza egin zioten. "Urte hura oso txarra izan zen niretzat eta udazkenean, tratamenduak amaitu nituenean, egunero itsasoan bainatzen hasi nintzen", adierazi du Kontxik.

Harrez gero, kanpora joaten denean edo bazkariren bat duenean soilik egiten du huts; bestela, egunero bainatzen da hondartzan. "Egunero bainatzeak lasaitasun handia ematen dit eta egun guztia oso gustura pasatzen dut. Goizean bainua hartu eta gosaltzera joaten naiz. Niretzat gozamena da; goizean jaiki eta nahi duzuna egin daiteke Donostian bizita", nabarmendu du.

Arantxa Etxebestek ere hamalau urtetik gora daramatza lagun-taldean. 68 urte ditu eta ederki asko daki Kontxan bainatzea zer nolako esperientzia den, gaztetan hasi baitzen. "Orduan, neguan ez zituzten kabinak zabaltzen eta arkupetan aldatzen ginen nola edo hala. Bolada batez hala ibili ondoren, azkenean utzi eta kiroldegiko igerilekura joaten hasi nintzen", azaldu du Arantxak.

Kirola egiteko ura gustatu izan zaio beti Arantxari eta kiroldegian denboraldi bat pasa ostean, berriro ere hondartzara joaten hasi beharko lukeela pentsatu zuen. "Udan animatu nintzen, eta pixkanaka, zer eguraldi ote zegoen begiratzeari utzi nion. Ez dio axola euria ala haizea dagoen; erritmo horretara ohitu egiten zara pixkanaka. Konturatzerako abendua iritsi, eta egunero hondartzara joaten segitzen duzu", aitortu du.

Arantxarentzat hondartzako giroak ez du zerikusirik igerilekukoarekin eta behin hondartza probatu ondoren, bertara joaten jarraitzeak "merezi" duela azpimarratu du.

"Honek burua lasaitzen lagun-tzen du eta eguneroko miseriak ahazteko ere balio du. Pilak karga-tzen dizkizu eta indarra ematen dizu egunari aurre egiteko. Gainera, lagun-talde handia egin dugu eta noizbehinka bazkariak eta egun-pasak ere egiten ditugu", azaldu du.

ohiturei eutsiz Uretara sartu eta irrintzia botatzeagatik da ezagun donostiarren artean Kontxako lagun-talde hau. 76 urteko Maixux Bikandik ezarri zuen ohitura hori hondartzako bere lagunen artean. "Uretara sartzen ginenean irrin-tzia botatzen nuen eta besteek ahal zuten moduan jarraitzen zidaten", adierazi du Maixuxek.

Aurrerago, zazpi zentimetroko kartzinoma bat kendu zioten. "Ebakuntza oso sakona izan zen eta ezkerreko ahots-korda kaltetuta geratu zitzaidan. Irrintzia orain beste batzuk botatzen dute eta en-tzuten dudanean poz handia sentitzen dut. Euskaldunon ohitura da hori eta ez genuke galdu behar. Ni noizean behin saiatzen naiz, baina ezin izaten dut beti egin", azaldu du Maixuxek. "Jendeak esan izan digu Kontxako pasealekutik entzuten dutela gure irrintzia", gehitu du Arantxak.

Maixuxek Osakidetzan egiten zuen lan eta igerilekura joaten zen, baina ez zitzaion gustatzen. Azkenean, orain hamalau urte Kontxara joaten hasi eta neguan ere ez zuen hutsik egiten. "Pertsonak ezagutzen joaten zara, harreman oso ona mantentzen duzu beraiekin, eta hori, hondartzara joaten jarrai-tzeko lotura bihurtzen da", esan du.

Kontxi Odriozola, Arantxa Etxebeste eta Maixux Bikandi goizero Kontxan bainatzera joaten direnetako hiru emakume dira, baina beraien lagun-taldea askoz handiagoa da. Guztiek diote hondartza dela eurek egunero erabiltzen duten kiroldegia, eta horregatik sentitzen omen dira bertako kabinetan "etxean bezala".

noticias de noticiasdegipuzkoa