bertan

Donostiako teila fabrika, auzolanerako baliabidea

06.04.2021 | 00:28
Ezkerretik eskuinera, Aitziber Lizarribar eta Maddalen Serras Teila Fabrikaren arduradunak.

Egia auzoan kokatuta dagoen eraikin hau balore eraldatzaileetan oinarritutako proiektuak sortzeko eta garatzeko espazioa da eta besteak beste, elkarlana eta ekimen kulturalak lantzen dituzte bertan

Auzokideen portaletako bileretatik hasi eta webguneak diseinatzeraino, denetarik egin daiteke Donostiako Egia auzoan kokatuta dagoen Teila Fabrikan. Proiektu desberdinak garatzeko espazioa da eta 2019ko ekainean zabaldu bazuten ere, pandemiak ez dio orain arte behar bezala funtzionatzen hasteko aukera handirik eman. Gaur egun ordea, mugimendu handiagoa dago bertan eta arduradunak "oso pozik" daude proiektu honek auzoan sortzen duen giroarekin. Maddalen Serras da horietako bat eta Teila Fabrikaren nondik norakoak azaldu dizkio egunkari honi.

Egia auzoari errotik lotutako proiektu bat da, izenetik hasi eta izanera arte. Izena ulertzeko auzoko historiari erreparatu behar zaio. "1903an teilak egiten zituen fabrika bat ireki zuten Tejeria kalean. Gu pixka bat gorago gaude, baina bertan egon zen 1903tik 1932ra arte. Eraikina 1961ean bota zuten, baina haren 40 metroko tximinia zutik mantendu zen beste urtebetez", azaldu du Serrasek.

Nahiz eta Teila Fabrikan gaur egun oso gauza desberdinak egiten diren, Egia auzoarekin eta bere memoria historikoarekin lotura izango zuen espazio bat sortu nahi zuten. "Ez izenagatik bakarrik, baita izagatik ere. Adibidez, Gordegia, Egiako artxibo historikoa, Teila Fabrikan dago. Auzoko batzuk sortu zuten proiektua da eta Egiako argazki zaharrak jaso, sailkatu, izendatu eta deskribapen bat jartzen diete. Ondoren, Gordegia.eus webgunean jartzen dituzte ikusgai", nabarmendu du.

Teila Fabrikaren sortzailea Hardit izeneko enpresa sare bat da. Enpresa sare horretan proiektu desberdinak daude eta Teila Fabrikak egoitza gisa funtzionatzen du. "Espazio honetan daude sare horretako kide asko eta baita kanpotik etortzen den jendea ere. Azken finean, balore batzuk lo-tzen gaituzte sare horretara eta hortik sortu zen lanerako espazio bat bilatzeko nahia eta beharra", azaldu du.

Erabilera anitzetarako guneak dauzka eraikinak: alde batetik, coworking edo elkarlanerako eremu bat 18 lekurekin; egunerokotasunean lanean aritzeko hiru bulego, eta azkenik, kanpora begirako pertsonek erabili ditzaketen bilera gela bat eta erabilera anitzeko bi areto.

Edozein pertsona joan daiteke Teila Fabrikara eta leku batzuk erabiltzearen truke ordaindu egin behar bada ere, beste espazio batzuei etekina ateratzea doakoa da. "Adibidez, bulegoak erabiltzeagatik tarifa bat ordaindu behar da. Eta coworking-eko mahai bakoitzeko (armairu, aulki, kajoi eta gainerako ekipamenduarekin) 175 euro ordaindu behar dira hilean", azaldu du.

Aitzitik, bilera gelak eta aretoak jardueraren eta profilaren arabera alokatu edo utzi egiten dituzte. "Adibidez, jarduera kultural bat egin nahi bada eta jarduera hori doakoa izango bada, espazioa utzi egiten dugu. Baina enpresa baten barne-bilera bat bada, alokatu egiten dugu", gehitu du.

hiru lan lerro Balore eraldatzaileetan garatzen diren proiektuak susta-tzea da Teila Fabrikaren xedea. Horretarako, hiru lan lerro dituzte: komunitatea eta elkarlana; ekonomia soziala eta eraldaketa; eta agenda kulturala.

Komunitatea eta elkarlana arloari dagokionez, teilakide ugari biltzen ditu Teila Fabrikak eta horietako bakoitzak proiektu desberdinak gara-tzen ditu. "Batzuk web garapena egiten dute, beste batzuk coaching-a praktikatzen dute, talde izaerak lantzen dituzte... Desberdinak dira guztiak baina azken batean interesgarriena komunitate moduko bat eratzea da guretzat", nabarmendu du.

Pandemiaren ondorioz, jende asko etxetik aritzen da lanean eta Teila Fabrikak jendearekin erlazionatzeko, harreman berriak sortzeko eta norberaren ezagutzak partekatzeko aukera ematen du. "Elkarren ezagutzen eta proiektuen artean sinergiak sor-tzen dira eta elkartrukeak egiten dituzte. Adibidez, duela gutxi hemengo proiektu batek webgune bat behar zuen eta beste teilakide batzuk arduratu dira haiei webgunea egiteaz", azaldu du.

Bigarren ildoari dagokionez, ekonomia soziala eta eraldaketa lantzeko Teila Fabrikatik kanpora dauden proiektuekin kolaborazioak egiten dituzte elkarlana sustatzeko. "Esate baterako, Olatukoop, Euskal Herriko ekonomia soziala eraldatzeko sareko kideak gara eta baita Saretuz-ekoa ere, Donostiako kontsumo kontziente eta eraldatzailearen sarekoa", adierazi du.

Eta azkenik, agenda kulturalaren bidez egitasmo desberdinak lantzen dituzte. "Alde batetik, ekimen kulturalak antolatzen ditugu eta bestetik, norbaitek tailer ireki bat egitera, hi-tzaldi bat ematera edo liburu bat aurkeztera etorri nahi badu aretoak utzi egiten dizkiegu", baieztatu du. Gainera, teilakideek ere parte hartzen dute agendan eta horiek ezagutzera emateko "bide egokia" dela nabarmendu du: "Ez genuen nahi Teila Fabrika zerbait itxia izatea, bere inguruarekin eragingo zuen espazio bat izatea baizik".

Ez dago bertara joaten den jendearen profil zehatzik eta ezta Egia auzoko bizilaguna izan beharrik ere Teila Fabrikan sartzeko. Nahiz eta Donostian elkarlanerako espazio gehiago egon, Teila Fabrika esklusiboa da inguruko auzolanerako baliabide gisa.