36 urteren ondoren (aurten 37 beteko zituen), ateak itxiko ditu bihar Kuskulok, Bulebarreko gozoki, litxarreria eta fruitu lehorren denda. Barruko gominolak, patatak eta olibak ere ezagunak dira hiriburuan hazitako zenbait belaunaldiko herritarrentzat. Jubilazioa hartuko du negozioa zabaldu zuten hiru bazkideetatik azkenak eta, ondorioz, itxi egingo dute.

Ustekabean harrapatu ditu albisteak dendako ohiko bezeroak. "Pena agertu digute, orain nora joango diren galdetzen digute", kontatu du gaur egun dendaren ardura daraman Marianek. Berarekin batera beste lau langile ere ari ziren, orain arte, Kuskulon lanean.

Izan ere, bezeroak oso leialak direla aipatu du. "Kanpora ikastera joan diren gazteek gurasoei Kuskuloko gominolak eskatzen dizkietela entzun izan dut", aitortu du.

Donostiar guztiek ezagutuko dituzte agian Bulebarreko dendako apalak, urte hauetan guztietan gehiegi aldatu ez direnak. Garai batean gominolen ia 200 erreferentzia izatera ere heldu zirela kontatu du Marianek, eta hori ez dela ohikoa gozoki denda txikietan. Aukera asko dagoelako agian edo leku aproposean dagoelako, topaleku eta elkartzeko leku izan da Kuskulo urteotan zehar. Gaur egun ere, hala izaten garraitzen du, txiki zein helduentzat.

Adin tarte zabala

Helduak, gazteak...

Goizetan, batez ere, jende heldua izaten dute erosten. "Azukrerik gabeko gozokiak bilatzen dituztenak, adibidez...". Arratsaldetan, berriz, gazteagoak doaz. Baita guraso eta familiak ere. Gainera, turista eta bisitari asko ere sartzen ziren barrura Parte Zaharrera egiten zuten bisitaren hasieran edo amaieran.

2020. urtea, hala ere, arraroa izan da baita Kuskulorentzat ere, nola ez. Kanpotarrak gutxitu dira nabarmen eta donostiarrak ere bai, Parte Zahar osoan bezala, ostalaritzaren itxieraren ondorioz eta mugatutako ordutegien ondorioz.

Baina, hala ere, negozioak bizirik jarraitzen duela dio dendako arduradunak, eta ikusteko dago inork hari heltzeko gogorik baduen Kuskulo berriro zabaltzeko.

Gozoki eta gominolen aukera zabala izatea eta leku aproposean egotea izan dira Kuskulo berezi egin dutenak urte hauetan