- Bolatokia jarriko dute Herrera eta Intxaurrondo artean dagoen Arrobitxulo parkean, baita toka, bote eta petankan aritzeko guneak ere. Ekialdeko Barrutiak onartutako eta azken asteotan desblokeatutako proiektuetako bat da eta dagoeneko lanak egiteko lehiaketa deitu du Donostia Kirolak, 235.000 euroko aurrekontuarekin. Obrek lau hilabeteko epea izango dute eta, beraz, baliteke uda bukaera aldera edo udazkenean bukatuta egotea (esleipenaren tramitazioa hilabete batzuk luzatuko da oraindik).

Proiektuaren ardatza bolatokia da. Bere garaian Herreran zegoenaren lekua betetzea da helburua: frontoiaren ondoan zegoen eta Topoaren trenbide eta estazio berriaren lanak zirela eta, bota egin zuten duela hamar bat urte. Herripe auzo elkarteak egin zuen bolatokia berreskuratzeko proposamena eta Ekialdeko Barrutiko 2019ko aurrekontuan jaso zuten. Dena den, proiektuari 2020. urtearen hasieran oraindik ez zioten ekin eta, pandemiarekin batera aurrekontua izoztu egin zutenez, mahai gainean geratu zen orain arte. Urte amaieran, ordea, Udalak barrutiaren 320.000 euro desblokeatzeko baimena eman zuen eta proiektu honi ekitea erabaki zuen barrutiak, beste zenbaitekin batera. Lanak Donostia Kirolak esleituko ditu, kasu honetan,

Estalitako gunea izango da bolatokia, eta Herreratik Intxaurrondorantz doan bidearen eskubiko aldean eraikiko dute, Arrobitxuloko jolas-parkera heldu baino lehen. Ia 300 metro karratu izango ditu: publikoarentzako espazioa izango du eta biltegi txiki bat ere egingo dute materiala jaso ahal izateko.

Bolatokiaren ondoan tokan aritzeko gunea jarriko dute, baita botearena ere, baina bi horiek ez dira estalita egongo.

Petankarako espazioa, berriz, parkea zeharkatzen duen bidearen beste aldean egokituko dute, helduentzako ariketak egiteko zirkuituaren erdian, hain zuzen ere. Ia 100 metro karratukoa izango da.

Arrobitxuloko parkea, Txaparreneko bidegorriaren ondoan, 2015. urtean estreinatu zuten eta, umeentzako jolas-parkeaz gain, kirol gune batzuk ere baditu: bizikletentzako zirkuitua, rokodromo txiki bat eta helduek ariketak egiteko aipatutako esparrua. Nolabait horren jarraipena izango da orain abiatuko den proiektua eta guztira 700 metro karratu egokituko ditu kirolean aritzeko. Lau joko-eremuak espaloi batek mugatuko ditu perimetroan.