Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko batzorde sustatzailea zehazteko lantaldea sortu dute udal ordezkariek eta igeldotarrek. Haien egitekoa izango da 2021. urtean lanean hasiko den batzorde sustatzaile horren partaideak eta zereginak zehaztea eta landuko dituen edukiak, funtzionamendua eta lan-plangintza adostea. Lehen bilera azaroaren 12an egin zuten.

Lantalde hori lau alorretako kideek osatu dute. Batetik, Donostiako Udaleko talde politiko guztietako ordezkariak daude, eta Igeldoko Herri Kontseiluko bost kide ere bai. Haiekin batera, Udaleko Herri Partaidetza saileko teknikariak daude. Azkenik, idazkaritza kontuak kudeatzeko eta dinamizazio lanetan aritzeko Siadeco Ikerketa Elkarteko teknikariak ere badaude.

Lantalde honen sorrera Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzera iristeko prozesuan lehen pausoa da. "Zero fase bat da, oinarriak jarriko dituena", azaldu du Donostiako Udalak. Helburua batzorde sustatzaileak zimendu ahalik eta sendoenak izatea da.

Martxoan iragarri zuen Udalak Tokiko Entitate Txikia sortzeko prozesua abiatzeko prest zegoela eta Herri Kontseilua lanerako prest agertu zen, igeldotarrek beraiek bide hori ondo ikusten zutela ikusita (abenduan batzarra egin zuten eta galdetu egin zieten). Prozesua elkarlanean garatzeko borondatea adierazi zuen Eneko Goia alkateak eta batzorde misto parekide bat sortzea onartu zuten ekainean, batzorde sustatzailea.

Tokiko Entitate Txikiaren aukera hori egon izan da mahai gainean aurretik ere, baina orain arte ez du aurrera egin. 2013an Foru Aldundiak (Bildu zegoen gobernuan) Igeldoren segregazioa onartu zuen, baina epaitegiek bertan behera utzi zuten eta 2019an Auzitegi Gorenak ere ontzat eman zuen Aldundiaren erabakiaren baliogabetzea. Hala, bide hori itxita, Tokiko Entitate Txikiarena abiatuko dute orain.