- Donostiako alkate den Eneko Goiak Kontxako pasealekua oinezkoentzat bakarrik uztearen alde agertu zen atzo. Horretarako behar diren aldaketak egitearen aldekoa ere agertu zen, baita trafikoa lur azpitik bideratzearen aldekoa ere. Europako Next Generation izeneko funtsak lortu ahal izateko Donostiak aurkeztuko duen 78 proiektuetako bat izango da Kontxaren birmoldaketa, hiri azpiegituren atalean.

"Inozoa izango litzateke hiriak daukan gunerik ederrenetakoa oinezkoentzat bihurtu nahi ez izatea", esan zuen alkateak, eta gaia askotan atera dela ere esan zuen, baina ez dela erraza. "Desio dugun helburua izan da beti, baina hori lortzeak esfortzu handia eta berrantolaketa lanak suposatzen ditu", zehaztu zuen. Hala, pandemiaren ondoren sortutako Europako funtsen ildoekin bat datorrela eta horregatik momentu honetan gaia mahai gainean jartzea erabaki dutela adierazi zuen, kazetariek proiektu honen inguruan galdetuta.

Kontxan trafikoa murriztearen alde eta pasealekua birmoldatzearen alde agertu izan da hainbatetan EAJ, normalean espaloiak zabaldu eta errei bat kentzeko proposamenaren aldeko jarrerarekin. Hori zen Eneko Goia buru zuen zerrendak 2019ko hauteskundeetara aurkeztutako programak jasotzen zuena eta hori izan da, hain zuzen ere, azken hilabeteotan egin dutena. Berez, aurrerago egiteko asmoa zuen udal Gobernuak, baina hondartzaren horma eta baranda berritzeko lanak baliatu dituzte azkenean bidegorria ere berritzeko eta hirugarren erreia deuseztatzeko.

Trafikoa lurperatzearen proposamena, dena den, PSE-EEk egin izan du azken urteotan (Odon Elorzaren garaitik). Iaz jeltzaleek eta sozialistek sinatutako gobernu programan aukera horren bideragarritasunaren inguruko azterketa egitea adostu zuten gobernu-kideek. Atzo alkateak azaldu zuenez, orain proiektua gauzatuko lukete Europatik behar den finan-tzaketa lortuz gero.

"Lehentasuna trafikoa lur azaletik kentzea litzateke eta horrek suposatuko luke gero aztertu beharko litzatekeela zein mugimenduk beharko luketen beste erantzun bat", esan zuen Goiak. Gaineratu zuen litekeena dela erantzun hori trafikoa lurperatzea izatea, Kontxako pasealekuko eremu batean behintzat.