- Donostiako Udalak konpoketa lanak abiatuko ditu Urgulleko Guardetxean. Berrikuntzen beharra mahai gainean zegoen aspalditik baina horiek finantzatzeko dirurik ez zegoen onartuta orain arte. Orain, ordea, Urgullen saneamendua eta argiteria zerbitzuak berritzeko egiten ari diren lanen aurrekontua uste baino baxuagoa izango da eta aukera hori baliatzea erabaki du udal Gobernuak.

Guztira 75.000 euro inguru dituzte erabilgarri, Urgulleko lanen lehiaketa irabazi zuen enpresaren eskaintza aurrekontua baino baxuagoa izan baitzen. Eta orain diru hori bi lanetara bideratuko dute: Guardetxearen konponketetara, batetik, eta Uliako aterpetxearen inguruan lan batzuk egitera, bestetik. Zehazki, 35.600 euro Guardetxera joango dira eta beste 39.000 euro Uliako lanetara bideratuko dituzte.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Zuzendaritzak hala eskatuta, diru hori helburu berrietara bideratzea onartuko du Gobernuak asteartean eta berehala izango da erabilgarri.

Orain Guardetxea itxita dago, baina 2019ra arte Banda Bat elkarteak kudeatu du Gastronomikatik gora dagoen eraikina. Elkarteak zuen kontzesioa iaz amaitu zen eta eraikina erabiltzeko lehiaketa ez du deitu oraindik Udalak, teilatua eta irisgarritasuna hobetuko duten obren zain.

Banda Bat elkarteak haserrea agertu zuen pasa den udan, lehiaketa berriro bere proposamena aurkezteko asmoa zeukala eta egoera luzatzen ari zelako eta bitartean guardetxeak itxita jarraitzen zuelako. Elkarteak "utzikeria" salatu zuen, konponketak aspalditik aurreikusita zeudelako eta oraindik abiatu ez direlako; itxita dagoen bitartean hondatzen jarraitzen duela ere kritikatu zuen.

XIX. mendean sortutako eraikinak hasiera batean erabilera militarra izan zuen. Ondoren, Urgull mendiko zaindariaren etxe bihurtu zuten. 2007. urtean su hartu zuen eta, eraikina berrituta, Banda Bat elkarteak jarduera kulturalarekin jarraitu zuen bertan. Kontzertuak bakarrik ez, bestelako jarduerak, topaketak eta tailerrak ere antolatzen zituen, kulturaniztasuna ardatz.