- Udalbatzaren araudia aldatzea onartu zuten atzo behin betikoz Donostian EAJk eta PSE-EEk, oposizioko hiru alderdietako zinegotziek aurka bozkatuta. Zehazki, bi puntu aldatu dituzte: zinegotzi kopuruak finkatuko ditu talde horrek aurkez ditzakeen mozioak eta, bestetik, Gobernuak itxiko ditu txandak interpelazioetan.

EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Donostiak haien lana mugatzen dutela eta neurria atzerakoia dela salatu zuten. Gainera, EAJk eta PSE-EEk haien gehiengo absolutua erabili zutela ere salatu zuten aldaketa onartzeko. Hirurek gogoratu zuten jeltzale eta sozialistek (PPrekin batera) onartu zutela 2013an, Bildu gobernuan zegoenean, orain arte indarrean zegoen araudia.

Juanra Viles zinegotzi jeltzaleak erantzun zuen ez direla oposizioaren jarduna mugatzen ari eta haiek eta hiriko eragileek udal politikagintzan parte hartzeko bestelako bideak badituztela. "Udalbatza ordenatzen edo arrazionalizatzen" ari direla esan zuen, bere funtzioak zehazten, kudeaketa hobetzeko. "Proportzionaltasuna" bilatzen dutela ere aipatu zuen: "Hauteskunde-ordezkaritza ez duten alderdiek haien agenda politikoarekin betetzen dute Udalbatza". "Benetako kontrola batzordeetan egiten da", gaineratu zuen Marisol Garmendia PSE-EEko bozeramaileak, eta, hala, oposizioaren lana ez direla mozten ari esan zuen.

"Hau ez da ordenatzea, hau mugatzea da", erantzun zuen EH Bilduko Ricardo Burutaranek. Aldaketa "demokratikoa" ere ez dela gaineratu zuen Reyes Carrere koalizioko bozeramaileak.

"Ez da zilegi araudia bihurritzea eztabaidetan azken hitz erretorikoa izateko", esan zuen Borja Corominas PPko bozeramaileak, eta gogoratu zuen 2013an, Juan Karlos Izagirre alkate zela, arauak aldatzeko lantaldea sortu zutela eta 150 zuzenketa baino gehiago eztabaidatu zirela.

"Ez zaigu iruditzen gauza bat eta haren aurkakoa nahi duen gobernua fidagarria denik, oposizioan edo gobernuan dagoenean", aipatu zuen Aitzole Araneta Elkarrekin taldeko bozeramaileak.