- Añorga eta Egia auzoetako ondarea ezagutarazteko ekitaldiak antolatu dituzte gaur bi auzoetan. Osasun egoera dela eta, bietan izena eman eta parte-hartzaile kopurua mugatu behar izan dute.

Añorgan, Museum Cemento Rezolak kantujira herrikoia antolatu du, Tra Tra Tradizioa ekimena. 12.00etan elkartuko dira eta auzoko bost gunetan egingo dituzte geldialdiak: Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien eta La Basuren raparen eskutik, museoa bera (Luis Peña Gancheguiren estudioak egina 1962an, eskola ere izan zen), Jolas-Etxea (Gonzalo Echegarayrena, festen bihotza, bilera- eta kultur-gune eta añorgatarren etxe), pilotalekua (1949koa, estalki original bitxia), bolatokia (frontoiaren ildotik, estalki berezia) eta antzerki eta zinema aretoa (1953koa, Manuel Urcolarena) bisitatuko dituzte. Bost gune horien informazioarekin liburua ere argitaratu du museoak eta ibilbide egitea proposatuko die bisitariei.

Egian, berriz, auzoko artxibo grafikoa osatzen ari den Gordegia elkarteak bigarren ibilbide gidatua egingo du auzoan zehar, bertako historia azalduz. Pasa den larunbatean egin zuten aurrenekoa euskaraz 30 lagunentzat eta gaurkoa gaztelaniaz izango da. Arrakasta izan dute bi deialdiek, antolatzaileen arabera.

Bestalde, 2021. urterako egutegiak argitaratuko ditu Gordegiak, auzoko irudi zaharrekin. Salgai izango dira datorren astetik aurrera auzoko denda eta tabernetan.