- EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeek Udalbatzen araudiaren aldaketak oposizioaren kontrol lana eta herritarren hitza mugatuko dituela uste dute eta, horregatik, demokraziaren aurka doala eta udal Gobernuaren "autoritatismoaren" ondorio dela. "Guztion gainetik pasa nahi du Eneko Goiaren Gobernuak, mozala jarri nahi digu", salatu zuen atzo Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak.

Araudi aldaketaren ondorioz, kontrol mozio gutxiago aurkeztu ahal izango dituzte. "Gure kasuan, gure jarduera %75 murriztuko dute", gaineratu zuen Aranetak.

Gainera, araudi aldaketaren "azken hitza" Gobernuak izango duela kritikatu zuen Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak, "interpelatua interpelatzaile bihurtuz". Donostiako araudia bereziki atzerakoia dela ere esan zuen eta beste hiriburuetan ez bezala, hemen batzordeak ez direla irekiak aipatu zuen.